Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako departamentuak lurraldeko bidegorriak eta bide berdeak sustatzeko egin duen Gipuzkoako Bira kanpaina Zumarragako geltokiko plazara iritsiko da asteburu honetan.
Larunbat eta igandean karpa bat jarriko da eta, bertan, bisitariek gure lurraldeko bidegorriei eta bide berdeei buruzko informazio zehatza aurkitzeaz gain, doako tailerretan parte hartu ahal izango dute eta bizikleta mota desberdinak probatzeko aukera izango dute.
Eskulanak bizikleten material birziklatuarekin izeneko tailerra larunbatean izango da, 11:00etatik 13:30era. Bizikleten mekanika diagnostikorako eta konponketa txikietarako izeneko tailerra, berriz, larunbatean 16:00etatik 18:30era eta igandean 11:00etatik 13:30era.
Informazio karpan bizikleta mota desberdinak egongo dira (elektrikoak, hirikoak, egokituak…). Bertaratzen direnek bizikleta horiek guztiak probatu ahal izango dituzte. Gainera, profesional batek bizikleta horiek behar bezala erabiltzen eta mantentzen irakatsiko die.
Jendaurreko ordutegia: larunbatean 10:30etik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era eta igandean 10:30etik 14:00etara.