Azken kale neurketak Urretxun eta Zumarragan euskararen erabilerak behera egin duela jaso du eta bi udalek euskararen sustapenerako ekintza plana prestatu dute 2022-2023 ikasturterako.
Plana atzo aurkeztu zuten. Bi herrietako Euskara batzordeburuek parte hartu zuten, Maialen Fidalgok eta Nerea Errastik, hainbat eragilerekin batera.
Euskararen erabileraren jaitsierari buelta emateko, ekainean bi udaletako ordezkariak elkartu egin ziren eta elkarrekin egiten dituzten ekintzen errepasoa egin zuten. Bost helburu estrategiko partekatzen dituzte: familia transmisioa, irakaskuntzaren, helduen euskalduntze-alfabetatzea, arlo sozio-ekonomikoa eta aisia, kultura eta kirola.
Familia transmisioari dagokionez, foro bat dute ikastetxeekin. Urtero hainbat ekintza antolatzen dituzte: gurasoentzako lehiaketak, gurasoei zuzendutako hileroko mezua, Parketarrak egitasmoa (urriko eta azaroko ostegun guztietan egingo da), gurasoei zuzendutako hitzaldia (urrian Kike Amonarriz etorriko da), euskarazko produktuen katalogoaren banaketa eta Bertakotzen proiektua. Proiektu honetarako, kanpotik etorri eta euskarara gerturatu direnei elkarrizketak egin zaizkie. Urriaren 12an aurkeztuko da.
Bigarren helburu estrategikoa irakaskuntza da eta hor ere hainbat ekintza antolatu dira: ikasle etorkinentzako euskarazko errefortzua (LH eta DBH), Zinea Euskaraz programa (HH eta LH), Gu Ere Bertsotan egitasmoa (LH4 eta LH5), euskal musikaren transmisioa (abenduan Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta DBH4ko ikasleekin elkartuko dira) eta euskaraz kanpoko jarduerak euskaraz egiteko diru-laguntzak ikastetxeei (aurten, 57.105 euro).
Helduak euskalduntzeko ekintzei dagokienez, ondorengoak dira: euskaltegiko ikastaroak, Ongi Etorri (heldu berriei 10 orduko ikastaroa euskarara gerturatzeko), Mintzalaguna, Mintzodromoa eta liburu lanketa.
Laugarren helburu estrategikoa arlo sozio-ekonomikoa da. Euskaraldiarekin lotuta entitateei bisitak egingo zaizkie, merkatari eta ostalariei zuzendutako Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpaina egingo da abenduan eta diru-laguntzak emango dira errotuluak, irudi korporatiboa eta webgunea euskaraz jartzeko.
Bukatzeko, aisialdian eta kirolean, Euskaraldiari babesa emango zaio, kirolean euskaraz aritzen diren taldeen katalogoa berrituko da eta Mingainluze lehiaketa antolatuko da.
Euskaraldiari dagokionez, 16 urtetik gora izan eta euskara ulertzen duen herritar orori zuzendua dago. Euskaraldiko 15 egunak azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango dira eta herriko batzordea dagoeneko lanean ari da. Bi herri batzar antolatuko dira horren berri emateko. Urriaren 19an eta azaroaren 16an iznago dira, Zelai Arizti kultur etxean.