'Istorio ederrez jositako historia' liburua eta dokumentala aurkeztu dituzte gaur Zelai Ariztin, klubaren 50. urteurreneko ospakizunei bukaera emanez. Bazkideek doan jasoko dute liburua, eta gainerakoak 10 euroan erosi ahal izango dute. Dokumentala Urolaren webgunean eta Youtubeko kanalean ikus daiteke.
50. urtemugako ekitaldiei amaiera eman die gaur Urola Kirol Elkarteak, klubaren historia jasotzen dituen liburua eta dokumentala aurkeztuz. Zelai Arizti Aretora batu direnek, Istorio ederrez jositako historia / Trazos de una bonita historia liburuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan dute. Ondoren, Istorio polit baten lorratzak dokumentala estreinatu da. Bi lanak Gattiken komunikazio enpresak egin ditu.
Amaia Aranburu kazetari eta zuzendaritzako kideak gidatu du ekitaldia. Liburuaren inguruko azalpenak emateko, Valentin Barrena eta Serafin Garziandia izan ditu alboan, Urolako lehendakari izandakoak.
Biak ala biak Urolaren mende erdiko ospakizunak antolatzeko batzordearen sustatzaile izan ziren, eta haiek arduratu dira liburuaren proiektua aurrera eramateaz, Gattikeneko kideen laguntzaz. Aurkezpenean egoterik izan ez duen Vicente Quevedoren lana nabarmentzekoa izan da baita ere. Urolaren sortzaileetako bat izan zen eta ondoren presidente. Berak urteotan guztietan gordetako informazioa oso baliagarria izan da liburua egiteko, beste hainbat herritarren dokumentazioarekin batera.
Klubaren bilakaera erakusteko
Klubaren bilakaera nolakoa izan den erakusteko, 50 urte hauetan lehendakari izan diren pertsonen bizipenak bildu dituzte, garaiko kronika, sailkapen eta argazkiekin osatuta. Urola Kirol Elkartearen sorrera estatutuetan jasotzen zen beste hainbat kirol jarduera ere sustatuko zituela eta horiei eskainitako atalak ere badaude. Emakumeen futbola, oinarrizko futbola, Txugiren eta Mustiren omenezko txapelketak eta beste hainbat edukik osatzen dute liburua.
Liburua non eskuratu
Dokumentalarekin mende erdi honetan mugarri izan diren momentuak gogora ekartzea izan dute helburu modu arin batean: Klubaren sorrera; Urola hirugarren mailara igo zenekoa; Emakumeen futbolaren hastapenak eta bilakaera; Oinarrizko futbolari emandako bultzada… Gertaera horiek gogoratzeko hainbat lagunen testigantzak jaso dituzte: Vicente Quevedo, Matias Sanchez, Martin Agirre, Delfin Moreno, Aitor Alvarez de Arkaia, Iñaki Aranzadi, Mitxel Badiola, Amaia Elgarresta, Virginia Agirre, Elene Lete, Aitor Irizar, Jon Plazaola, Ander Badiola, Jose Luis Lopez Txelu eta Amaia Aranburu.
Dokumentala Urolaren YouTubeko kanalean eta webgunean egongo da ikusgai. Liburuari dagokionez, klubeko bazkide direnek ale bat jasoko dute opari. Gainerakoentzat, salgai egongo da 10 eurotan Argixaoko kantinan eta Indarhori babesle diren bi denda hauetan: Urretxuko Doña Maximina oinetako denda eta Zumarragako Urbe denda.