Argazkiak kultur etxeko sarreran ikus daitezke. Egungo irudiak Pertsona Nagusien Kontseiluak antolatutako argazki ikastaroan parte hartu dutenek atera dituzte.
Zumarragako kultur etxeko sarreran herriaren bilakaerari buruzko argazki erakusketa ikus daiteke. Marisol Garinek utzitako garai bateko argazkiak eta Pertsona Nagusien Kontseiluko kideek ateratakoak ikus daitezke. Kide hauek argazki ikastaro batean parte hartu dute.
Erakusketa Pertsona Nagusien Astearen barne antolatu dute. Inaugurazioa atzo eguerdian izan zen. Ekitaldian, Arantxa Gonzalez zinegotziak eta Pertsona Nagusien Kontseiluko kideek parte hartu zuten.
Gonbita
Gonzalezek inaugurazioa Pertsona Nagusien Asteko lehen ekitaldia zela gogoratu zuen eta herriko adinekoak ekitaldietan parte hartzera gonbidatu zituen. Bereziki, bihar herriaren etorkizunaz hitz egiteko egingo den bileran. «Plan Orokorreko aholkulari taldearekin elkartuko gara, etorkizuneko Zumarragari buruz hitz egiteko. Nagusiek iragana eta oraina ezagutzen dituzue eta etorkizuneko beharrak zeintzuk diren dakizue. Hori dela eta, bileran parte hartzera animatzen zaituztet». 16:30ean izango da, kultur etxean.
Lehenago, gaur bertan, bi ekitaldi egingo dira. 11:30ean Zure egunerokotasuna hobetuko duten aplikazioak izeneko tailerra emango dute KZgunean eta 17:00etan Gurutz Linazasoro neurologo zumarragarrak arrakastarekin zahartzeko hitzaldia egingo du Zelai Arizti kultur etxean.
Bihar, etorkizuneko Zumarragari buruzko bileraz gain, bi ekitaldi egingo dira. 10:30ean paseoa egingo dute eta futbol zelaiko parkeko makinetan gimnasia saioa egingo dute. Antonino Oraako eskolan elkartuko dira. 19.30ean, berriz, 100 dias con la tata pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan.
Ostegunean 29an bi hitzaldi egingo dira: 10:30ean Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideei buruzkoa eta 17:30ean galeren ingurukoa. Bi hitzaldiak kultur etxean izango dira.
Ostiralean gimnasia egingo dute Zelai Arizti pilotalekuan. Saioa 09:30ean hasiko da. Bukatzeko, larunbatean Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatuko dute Areizaga-Kalebarren plazan. 12:00etan manifestua irakurriko dute eta txistulariek, abesbatzak eta dantzariek ekitaldia girotuko dute.