Urretxuko Harizpi eskulan elkarteak 40 urte daramatza lanean. Azken lau hamarkadetan hamaika ikastaro antolatu dituzte. Oraingoan, altzariak zaharrak konpontzea eta atontzea proposatu diete herritarrei.
Egun asko hitz egiten da birziklatzeaz, berrerabiltzeaz, konpontzeaz, norberak egiteaz… Harizpi eskulan elkarteko emakumeek urte asmo daramatzate horretan. Gustatzen zaielako, etxean hori ikasi zutelako eta logikak hori agintzen duelako. Oraingoan altzariak zaharberritzeko ikastaroa antolatu dute.
Harizpi elkarteko emakumeek makina bat ikastaro antolatu dituzte elkartea sortu zenetik. Izan ere, 40 urte daramatzate lanean. 1983an eman zituzten lehen pausoak, eskola nazionalak egon ziren eraikinean, egun liburutegia dagoen tokian. Egungo kontsumo bulegoan eta Gainzuri ikastetxean ere lan egin dute. Azken hamarkadak Aizpurunea kultur etxeko azken solairuan eman dituzte.
Bertan, hamaika ikastaro antolatu dute: makramea, tapizgintza, serigrafia, estanpazioa, bozelketa… Oraingoan altzarien zaharberritze ikastaroa antolatu dute. «Altzarien zaharberritze ikastaroetan jende askok parte hartu izan du, baina oraingoan jende gutxik eman du izena. Agendan hileko 35 euro ordaindu behar zela jartzen zuen baina 35 euro ikastaro osoaren prezioa da. Beharbada, horregatik ez da animatu jende asko», aipatu dute Mikele Albarracin, Encarni Azkarate eta Marisa Ezkerrak, Harizpiko hiru kide historikok.
Izen-ematea
Parte hartu nahi dutenek, oraindik aukera dute. Izen-ematea etzi itxiko da. Urretxuko kultur etxera jo behar da, 10:00etatik 14:00etara edo 17:00etatik 20:00etara. Telefonoz ere eman daiteke izena. 943 03 80 88 zenbakira deitu behar da.
Ikastaroa urriaren 5ean hasiko da eta otsailaren 8an amaitu. Saioak Edurne Uribesalgo adituak gidatuko ditu. Asteazkenetan elkartuko dira, 15:00etatik 17:00etara.
Harizpi elkarteko emakumee herritarrak parte hartzera animatu dituzte. Probatzen duenak errepikatu egiten du. Albarracinek hasieratik darama Harizpi elkartean, Azkaratek 30 urte eta Ezkerrak, dozena bat. «Egun, 15 bat lagun gaude elkartean».
Gehienak adinekoak dira. Gazte gutxik ematen dute izena ikastaroetan. Parte hartzera animatu nahi dituzte. «Ikastaroetan elkar ezagutzen dugu eta norbaitek Harizpin izena ematea gerta daiteke, baina ez da derrigorrezkoa. Oso giro ona dugu eta merezi du. Astean bitan elkartzen gara: astelehenetan eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara. Egun horietan bakoitzak bere eskulanak egiten ditu eta elkarri laguntzen diogu. Trebeenek horren trebeak ez direnei laguntzen diete».