Ikasturte berriarekin, Urretxuko irakurketa errazeko saioei hasiera emango zaie urrian. Bi talde egongo dira aukeran, asteazkenero: 11:30etik 12:30era euskaraz eta 10:15etik 11:15era gaztelaniaz. Saioak Oihana Merinok gidatuko ditu, Aniztasun eta Bizikidetza dinamizatzaile berriak.
Irakurketa errazeko taldeak elkartzeko eta sozializatzeko guneak dira. Ulertzeko eta irakurtzeko orduan zailtasunak dituzten pertsonen premietara egokitutako materiala erabiltzen da. Saioak desgaitasunen bat dutenei, adinekoei, eskolara gutxi joan direnei, eskolaratze arazoak izan dituzten gazteei, harrera herrialdeko hizkuntza ikasten ari diren iritsi berriei… zuzenduak daude.
Irakurketa, literatura eta informazioa eskuratzea eskubidea, plazera eta beharra dira. Ondo irakurri ahal izateak konfiantza ematen du, eta munduaren ikuspegia zabaltzeko eta beraien bizitzari buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna ematen die pertsonei. Bere eskubideak eta betebeharrak gauzatzeko eta autonomoa izateko, pertsona batek bere inguruan gertatzen denari buruzko informazioa interpretatzen jakin behar du. Gainera, taldean irakurtzeak ideiak, pentsamenduak eta esperientziak partekatzeko eta, azken batean, pertsona gisa hazteko aukera ematen du.
Doako jarduera honetan izena emateko epea urriaren 10ean amaituko da. Interesa dutenek Gizarte Zerbitzuen bulegora jo behar dute.