Ainhoa Zalduak (Zumarraga, 2000) urtebete eman du Hego Korean, informatika ikasten. Umetatik Koreako musika eta telesailak gustuko ditu eta bertara joatea bere ametsa zen.
Noiz izan zenuen Korearen berri?
10 urte nituenean, bertako musika entzuten hasi nintzen. Dantza eskolan bideo bat erakutsi ziguten eta gustatu egin zitzaidan. Etxera iritsi nintzenean, Koreako abesti gehiago bilatu nituen. Ondoren, hango telesailak ikusten hasi nintzen.
Zer dela eta gustatu zitzaizun horrenbeste herrialde hori?
Oso ezberdina da. Kolore biziak erabiltzen dituzte, bideoak dibertigarriak dira… 10 urte nituen eta oso erakargarria iruditu zitzaidan.
Argi al zenuen egunen batean bertara joango zinela?
Beti nahi izan dut Koreara joan. Jendeak askotan galdetzen zidan horren inguruan. Unibertsitatean hasi nintzenean ea Koreara joateko aukera izango nuen galdetu nuen eta baietz esan zidatenez…
Informatika ikasten ari zara.
Aurten bukatuko dut. Ikasgai pare bat eta gradu amaierako lana falta zaizkit.
Korean informatika kontuan punta-puntan egongo dira.
Nahiko aurreratuta daude. Enpresa indartsuak dituzte. Samsung eta LG, adibidez, hangoak dira.
Zer moduz moldatu zara bertan?
Iazko abuztuan joan nintzen. Behar baino apur bat lehenago joan nintzen, berrogeialdia egin behar nuelako. Urtebete baino apur bat gehiago eman dut bertan, ikasle-egoitza batean. Ondo moldatu naiz. Ikasketei dagokienez, ikasgai guztiak online izan dira, pandemia dela eta.
Hemengo eta hango ikasketen artean alde handia nabaritu al duzu?
Nire irakasle gehienak kanpotarrak ziren: informatikari asko dituzten herrialdetakoak. Indiakoak, adibidez. Ez dakit Koreako hezkuntza sistemaren inguruan asko hitz egiteko moduan nagoen.
Ikasketak ingelesez egin al dituzu?
Bai. Ikasgai guztiak ingelesez ziren, korear hizkuntza ikasgaia izan ezik.
Joan aurretik korearrez hitz egiten al zenuen?
Hango musikari eta telesailei esker, joan aurretik korearrez irakurtzen eta idazten nekien. Nahiko lotsatia naiz, baina dagoeneko hitz egiten ere moldatzen naiz. Irunera joan behar naiz, korear eskolak hartzera. Korean titulu bat lortu nuen eta hurrengoa lortu nahi dut.
Etorkizunari begira, ze asmo dituzu?
Ez dut planik. Korearra ikasten jarraitu behar dudala esaten dudanean, jendeak hara joateko asmoa dudala pentsatzen du. Baina ez da hala. Ez dut planik. Hori bai, bisita egitera itzuliko naiz: han lagunak utzi ditut eta Zumarragako lagun batzuk Koreara joan nahi dute. Ni bisitatzera joan behar ziren, baina berrogeialdiaren kontua dela eta, ez ziren joan. Ea denok elkarrekin joaterik dugun eta hango toki turistikoak erakusteko aukera dudan.
Bertan egon zaren denboran toki horiek guztiak bisitatuko zenituen. Zeintzuk dira Hego Koreako toki erakargarrienak?
Seulez gain, beste lauzpabost hiri bisitatu nituen. Busan, adibidez. Kanpoko ikasleentzat kanpamentuak dituzte eta horietara ere joan nintzen. Eskiatzera, adibidez. Hego Koreako toki gomendagarriena Seul da. Seulen ez dago aspertzerik. Urtebete eman dut bertan eta toki asko utzi ditut bisitatu gabe. Natura gustatzen zaienei, berriz, Jeju irla gomendatuko nieke. Munduko zazpi mirari naturalen artean dago.
Aita bisitan joan zitzaizun.
Hala da. Toki turistikoenak erakutsi nizkion: jauregiak, munduko bosgarren eraikin altuena… Oso gustura ibili zen. Janariarekin ere ondo moldatu zen. Hori bai, pikantearekin kontu handiz ibili behar da. Hango jaki gehienei pikantea botatzen diote, baina pikanterik gabeko janaria eskatu daiteke. Kanpotarroi pikante gutxiago botatzen digute. Gorria ikusten baduzu, argi! Ez da tomatea, pikantea baizik.
Zer nolakoa iruditu zaizu hango gizartea? Espero zenuena aurkitu al duzu?
Espero nuena aurkitu dut. Korearen inongo berririk izan gabe joaten direnak harrituta geldituko dira, baina nik joan aurretik gehientsuenaren berri nuen.
Hango bizimodua hemengoaren oso ezberdina al da?
Han dena oso azkar doa, baina hemen ere dena geroz eta azkarrago doa.
Japonia Korea baino ezagunagoa egiten zaigu.
Gure artean Japonia Korea baino ezagunagoa da, bai. Izan ere, umetatik Japoniako telesailak ikusi ditugu telebistan: Doraemon, Dragoi bola… Japonia ere bisitatu nahi nuen, baina han koronabirusaren aurka hartu dituzten neurriak Koreakoak baino zorrotzagoak dira oraindik. Orain hasi dira herrialdea irekitzen. Hurrengo bidaian bi herrialdeak bisitatzen ahaleginduko naiz.