Zumarragako Udalak Euskal Herria hiribidea (GI-2632 errepidea edo Zumarragako saihesbidea) hobetzeko egitasmoko lehen eta hirugarren faseei hasierako onespena eman die. PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu dute eta EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak abstentzioa eman dute.
Udalak udalerria bitan zatitzen duen GI-2632 errepidea bulebarizatu nahi du eta horretarako Kaminpetik industrialdeko sarrerara bidegorria egin zuen. Hortik Eitzara doan tartea berritzea falta da.
Atzoko osoko bilkuran onartutakoaren arabera, 143.000 euro bideratuko dira Euskal Herria hiribideko 29, 31, 33 eta 35 atariak irisgarri egitera. Horretaz gain, Kaminpeko bidegorria 400 metro luzatuko da. Zuhaitzak jarriko dira ingurua atseginago egiteko. Bidegorri hori egiteko 343.000 euro behar dira.
Mikel Serrano alkateak aldundiaren laguntza izatea espero duela esan zuen.
Elkarrekin Zumarragako Ines Benitezek eta EAJko Josu Idigorasek informazioa berandu ematea leporatu zioten. “Alderdi guztiak bulebarizazioaren alde gaude. Ez dugu proposamenak egiteko aukerarik izan, informazioa berandu jaso dugulako”.
EH Bilduko Josu Aztiriak beraiek ere egitasmoaren alde daudela esan zuen. “Baina ez dugu argi nork ordainduko duen. Aldundiak ordaintzen ez badu, udalak bere gain hartuko al du? Bestalde, SPRI Arcelorreko plana garatzen ari da eta horrek eragina izango du. Horretaz gain, GI-2632 errepidean trafikoa murrizteko neurriak hartu behar direla uste dugu”.
Serranok kamioiak Urretxutik (Aparizio auzoaren goialdetik) sartzera behartuta daudela eta autobusen ordutegia ospitaleko langileen beharretara egokitu dela erantzun zion. Arcelorri dagokionez, txatarra parkearen parean errotonda bat egingo dela eta kamioiak hortik sartu beharko direla esan zuen. “Horretaz gain, bidegorria egiteko errepidea estutu egingo da eta, hala, autoak polikiago joan beharko dira. Badenak jartzeko beharra ikusten bada, badenak jarriko ditugu. Horrekin kutsadura akustikoa txikitzea lortuko dugu. Diru laguntzei dagokienez, errepidea aldundiarena da eta gutxienez diruz laguntzea espero dugu”.
Azkeneko fasean ospitaleko errotondatik Eitzakora doan tartea berrituko da eta hori egiteko 1,2 milioi beharko dira.