Amaia Iturriotzek Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu du lehenengoz. 648 puntu lortu zituen herenegun Gasteizen, eta ez du aurrera egiteko aukerarik: «Kanpoan gelditzeaz baino, penatan nago ez nuelako lortu nahi nuen maila», aitortu zuen urretxuarrak atzo, saioko beroaldia pasata. «Eskas hasi nintzen, sentsazio nahiko txarrekin, eta ez nuen lortu buelta ematea». Halere, ez da txapelketatik aldenduko: «Astebetean atseden hartuko dut. Baina lagun asko ditut pasako direnak, eta beraiei ahal den neurrian lagundu egingo diet eta jarraituko dut euren lana», aitortu du.
Goierrirekin lotura eskua duen beste bertsolari batek, Nerea Ibartzabal Fina Salegi urretxuarraren alabak, bere saioa irabazi zuen. Horri esker, zuzenean pasa da finalaurrekora. Puntu erdiko aldeagatik menderatu zuen Oihana Iguaran.