Zumarragako Udalak Agiñako pilotalekua luzatu eta itxiko du, eguraldi txarra egiten duenean ere bertan ekitaldiak egin ahal izateko. Obra datorren astean amaitzea espero dute.
Frontoiaren estalkia hiru bat metro luzatu behar dute atzealdera eta ondoren atzealdea metakrilatoarekin itxiko dute. Hala, euriari eta haizeari ateak itxiko dizkiote.
Mikel Serrano alkateak prentsaurrekoa egin du gaur Agiñan, egitasmoaren berri emateko. “Bizilagunek urte asko zeramatzaten pilotalekua eskatzen eta 2011n egin genuen. Agiña entitate singular izendatua dago eta horri esker Europar Batasunaren diru-laguntza lortu genuen”.
Pilotalekua auzotarren topaleku izateko ere jaio zen, baina eguraldi txarra egiten duenean ez da toki erosoa. “Pilotalekuaren orientazioa dela eta, atzealdea ixteko beharra ikusi dugu. Horri esker, urte guztian zehar egin ahal izango dira ekitaldiak bertan. Aurrekontua 79.000 eurokoa da”.
Oraingoan ere Europar Batasunaren laguntza lortu da. “24.000 euroko laguntza lortu dugu, Erein funtsetatik. Jaurlaritza da Europak landa guneen garapenerako ematen dituen laguntza horiek kudeatzen dituena. Laguntza horien guztien helburua landa guneetako bizilagunek bertan bizitzen jarraitu ahal izatea da”.