Egitasmoak 343.000 euroko aurrekontua du eta aldundiaren laguntza jasotzea espero da. Inguru berean, Euskal Herria hiribideko 29, 31, 33 eta 35 atariak irisgarri egingo dira.
Zumarragako Udalak Euskal Herria hiribidea (GI-2632 errepidea edo Zumarragako saihesbidea) hobetzeko egitasmoko bi lanei hasierako onespena eman die. PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu dute eta EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak abstentzioa eman dute.
Udalak udalerria bitan zatitzen duen GI-2632 errepidea bulebar bilakatu nahi du eta horretarako Kaminpetik industrialdeko sarrerara bidegorria egin zuen. Hortik Eitzara doan tartea berritzea falta da.
Osteguneko osoko bilkuran onartutakoaren arabera, Kaminpeko bidegorria 400 metro luzatuko da. Hau da, industrialdeko bidegurutzetik ospitaleko errotondaraino. Zuhaitzak jarriko dira ingurua atseginago egiteko, gainera. Bidegorri hori egiteko 343.000 euro behar dira.
Inguru berean, 143.000 euro bideratuko dira Euskal Herria hiribideko 29, 31, 33 eta 35 atariak irisgarri egiteko.
Oposiziokoen iritzia
Elkarrekin Zumarragako Ines Benitezek eta EAJko Josu Idigorasek informazioa berandu ematea leporatu zioten alkateari. «Alderdi guztiak bulebarizazioaren alde gaude, baina ez dugu proposamenak egiteko aukerarik izan, informazioa berandu jaso dugulako», esan zuen Idigorasek.
EH Bilduko Josu Aztiriak beraiek ere egitasmoaren alde daudela esan zuen. «Baina ez dugu argi nork ordainduko duen. Aldundiak ordaintzen ez badu, udalak bere gain hartuko al du? Bestalde, SPRI Arcelorreko plana garatzen ari da eta horrek eragina izango du. Horretaz gain, GI-2632 errepidean trafikoa murrizteko neurriak hartu behar direla uste dugu».
Mikel Serrano alkateak kamioiak Urretxutik, Aparizio auzoaren goialdetik, sartzera behartuta daudela eta autobusen ordutegia ospitaleko langileen beharretara egokitu dela erantzun zion. Arcelorri dagokionez, txatarra parkearen parean errotonda bat egingo dela eta kamioiak hortik sartu beharko direla esan zuen. «Horretaz gain, bidegorria egiteko errepidea estutu egingo da eta, hala, autoak polikiago joan beharko dira. Badenak jartzeko beharra ikusten bada, badenak jarriko ditugu. Horrekin kutsadura akustikoa txikitzea lortuko dugu. Diru laguntzei dagokienez, errepidea aldundiarena da eta gutxienez diruz laguntzea espero dugu».
Azkeneko fasean ospitaleko errotondatik Eitzakora doan tartea berrituko da eta hori egiteko 1,2 milioi beharko dira.