Urretxuko Udalak tasa, zerga eta prezio publiko guztiak izoztea onartu zuen atzoko bilkuran. EAJko eta PSE-EEko zinegotziek alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen.
KPIak nabarmen egin duen gora eta EAJk eta PSE-EEk, familia asko gaizki pasatzen ari direla eta, tasak, zergak eta prezio publikoak ez igotzea erabaki dute.
Ur Kontsortzioak uraren prezioa %4,6 igo du, baina udalak tasa izoztea eta igoera bere gain hartzea erabaki du.
Zaborraren tasari dagokionez, 2021ean hartutako erabakiaren arabera, 2023an industria arloko enpresei tasa igo beharko litzaieke. Baina beraien ekoizpen gastuek gora egin dutela ikusita, izoztea erabaki da.
Bestalde, ingurumenarekin lotutako hainbat hobari onartu dira. Ibilgailu elektrikoek %75eko hobaria izango dute eta hibridoek %60koa. Energia berriztagarriak erabiltzen dituzten enpresek, %50eko hobaria edukiko dute aktibitate ekonomikoen zergan. Eraikuntzen eta obren zergari dagokionez, energia berriztagarrien erabilpena sustatzen duten eraikuntzek edo obrek %95eko hobaria edukiko dute.