Hilaren 17tik 29ra goi mailako artisten lanak ikusteko aukera egongo da, Faustino Orbegozo fundazioaren eskutik
Zumarragako Udalak ekitaldi sorta antolatu du Zelai Arizti kultur etxearen irekieraren 15. urteurrena ospatzeko. Ekitaldiak hilaren 17tik 29ra izango dira.
Hilaren 17an hiru erakusketa irekiko dira. 29a arte egongo dira zabalik. Margari Guijarro zumarragarrak Ilusioa erakusketa egingo du kultur etxeko sarreran. Erakusketa aretoan, berriz, Faustino Orbegozo fundazioak utzitako lanak ikusi ahal izango dira. Alberto Gonzalez, Gallo Bidegain, Jose Barcelo, Juan Mieg, Mikel Diaz Alaba, Carmelo Ortiz de Elgea, Santos Iñurrieta eta Jose Luis Zumetaren lanak jarriko dira ikusgai.
Fundazioari izena ematen dion gizona Esteban Orbegozo enpresariaren semea izan zen. 1975ean fundazioa sortu zuen, Euskal Herriko artea bultzatzeko, besteak beste. Fundazioak gizarte alorrean ere lan egiten du. Zumarragako geriatriko zaharra fundazioak egin zuen.
Hirugarren erakusketari dagokionez, Jordi Bermejo grafitilariak panelak jarriko ditu herriko hainbat tokitan.
Horretaz gain, urriaren 22an ipuin kontaketa saioa egongo da 12-36 hilabeteko haurrentzat. 12:00etan izango da, liburutegian. Gonbidapenak hilaren 17tik aurrera banatuko dira, kultur etxeko harreran.
Egun berean, 13:00etan kultur etxean bertan, Oihane Vicente, Andoni Salamero eta Uxue Kerejeta zumarragarrek Dantza gira dantza poesia eta musika ikuskizuna egingo dute. Lan hau tradizioaren eta sorkuntzaren arteko talkaren inguruko hausnarketa sakona da eta dantzak, musikak eta poesiak emozioak adierazteko eta gizarte harremanak hobetzeko baliabide direla aldarrikatu nahi du.
Ondarearen Europako Jardunaldiak ere egunotan dira eta Zumarragako Udalak ekitaldietako bat kultur etxearen urteurrenarekin lotu du. Hala, Zelai Arizti parkeko karpan egingo da. Urriaren 15, 22 eta 29an, 17:00etan, familiei zuzendutako tailerra egingo da bertan. Familiek collageak eta estanpazio botanikoa egiten ikasiko dute eta akuarela liburuxka kromatikoa egingo dute. Tailer honetan parte hartzeko, kultur etxean izena eman behar da.
Zelai Arizti kultur etxeak sekulako bultzada eman dio herriko kultur jarduerari. Herriko elkarteak eraikin berean elkartu ditu eta, hala, beraien arteko elkarlana sustatu du. Horretaz gain, kultur teknikari kopurua igotzea eta liburutegia handitzea eta hobetzea ahalbidetu zuen.
Argazkian, Mikel Serrano, Markel Olano, Rafaela Romero eta Anton Arbulu, inaugurazio ekitaldian.