Hiru ibilbide prestatuko dira herriko ondare guztia ezagutzera emateko
Zumarragako Udalak bere baliabide turistiko guztiak lotuko dituen marka eta logoa sortu ditu. Markaren izena Zumarraga Lotuz da eta logoarena Zumarraga Bide Bizia. Helburua turismo eskaintza aberastea da. Baita kanpotarrek, Antioz gain, gainontzeko ondare guztia ezagutzea ere. Horretarako, hiru ibilbide egingo dira.
Egitasmoa gaur aurkeztu dute kultur etxean. Ekitaldian, Mikel Serrano alkateak, Javier Hurtado Kontsumo, Turismo eta Merkataritza sailburuak eta Vera estudioko Iñigo del Cantok parte hartu dute. Egitasmo honek jaurlaritzaren babesa izan du. Proiektuan, Vera estudioaz gain, Ikerpartens eta Gaztelu Arkitektoak enpresek parte hartu dute.
Egitasmoari Zumarraga Lotuz izena eman diote, bere helburua baliabide guztiak lotzea eta horrela ekonomia indartzea baita.
Aurten 12.000 bisitari baino gehiago pasa dira Antiotik, baina alkateak Zumarraga Antio baino askoz ere gehiago dela gogoratu du. Belokiko ibilbide paisajistikoa, Oletako monumentu megalitikoak, Hiru Tenpluen Ibilbidea, Secundino Esnaola eta Busca Sagastizabal musikariak, Zumarragako Trikitixa, Antioko Musika Zikloa, Zumarragako banda, Jose Maria Busca Isusi gastronomoa, Buzkantza Eguna, Esteban Orbegozo eta Legazpi langile auzoak, Legazpi dorretxea azoka, Santa Isabel jaiak, Santa Lutzi feria, UZ Trail, Beitia martxa, pilota txapelketak… ere Zumarragako ondare direla gogoratu du.
Udalak hiru ibilbide egingo ditu horiek guztiak ezagutzera emateko. Logoa, hiru ibilbide horietan ez ezik, iragarki eta turismo azoka guztietan ere erabiliko du.
Hurtadok baliabide guztiak koordinatzea eta ondare mota ezberdinak ezagutzera ematea oso garrantzitsua dela aipatu du. “Herriaren erdialdea oinezkoentzat egiteak ibilbideak egiten lagunduko du”, esan du.
Del Cantok Zumarragako ezagutzea merezi duten txoko eta gertaera asko dituela azaldu du. “Logotipoari Bide Bizia izena eman diogu, herrian iragana bizirik dagoelako eta, aldi berean, herria aurrera egiten ari delako”