Zumarragako Udalak Soraluze kalea oinezkoentzat egin du eta gaur inaugurazio ekitaldia ospatu du. Alderdi ezberdinetako ordezkariek, bizilagunek eta Javier Hurtado Kontsumo, Turismo eta Merkataritza sailburuak parte hartu dute.
Mikel Serrano alkateak Europar Batasunak hiriak oinezkoentzat berreskuratzea aholkatzen duela gogoratu du. “Orain arte, Soraluze ez da sekula oinezkoentzat izan”, gogoratu du. Eraginkortasun energetikoa ere kontuan izan dela aipatu du. Aurrekontua 410.000 eurokoa izan da.
Obra hau plazaren berrikuntzarekin eta karga jasogailuarekin batera egiten ari da. Egitasmoak Next Generation funtsen milioi bateko laguntza jaso du. Alkateak plaza Santa Lutzi egunerako prest egongo dela aurreratu du. “Soraluze kalea oinezkoentzat egitea eta plaza berritzea feriaren mesederako izango dira”.
Soraluze kalea XIX. mendearen erdialdean egin zen. “Zumarragak kale bakarra zuen: Eitzatik Zubiaurrera (Kalebarrenera) zihoana. Trenbidea egitearekin bat, herria zabaltzeko beharra sortu zen. Soraluze garai hartan egin zen kaleetako bat da. Udaletxea eta azoka ere garai hartakoak dira”.
Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako gobernuari eta Europar Batasunari eskerrak eman dizkio.