Izaerari eutsi diote eta rock doinuak izango dira nagusi. Lau kontzertu prestatu dituzte. Joseba B. Lenoirren saioa doakoa izango da; gaueko kontzertuek 10 euro balio dute.
Seigarren ZZ Rock jaialdia egingo da etzi, Areizaga-Kalebarren plazan, Urretxuko eta Zumarragako Zarraparraz zuzeneko musikaren aldeko elkarteak antolatuta. Kokapena izango da aurtengo berritasun nagusia, ohiko izaerari eutsi baitiote antolatzaileek. Rock musika ardatz hartuta, estilo ezberdinetako taldeak igoko dira taula gainera.
Zuzeneko lau emanaldik osatuko dute aurtengo egitaraua: 13:00etan hasiko da jaialdia. Joseba B. Lenoir igoko da taula gainera, Zarraparraz elkarteko kideen aspaldiko laguna. «Talde batekin edo bestearekin urtero izan da Joseba B. Lenoir ZZ Rock edo Poligrafo Fest jaialdiren batean», azaldu du Borja Aranburuk, Zarraparraz elkarteko kideak. «Hiruko batekin dator Joseba B. Lenoir, formatu txikiko emanaldi bat eskainiko du, jaialdi honetarako bereziki prestatu duena». Eguerdiko saioa doakoa izango da.
Lenoirren emanaldiaren ostean, bazkari herrikoia antolatu dute, Areizaga kalebarreneko karpan bertan. 15 eurotan daude bazkarirako tiketak salgai, Motz tabernan eta Entradium.com web gunean.
21:00etan hasiko da gaueko saioa. Bartzelonatik datorren Slim Jim and the Redeemers taldea izango da lehendabizikoa. Ameriketako Estatu Batuetako, Frantziako, Erresuma Batuko eta Kataluniako kideez osatutako taldea da eta country-a, rock-an-roll-a eta rhythm-and-blues-a uztartzen dituzte; 22:30ean Ginger zarauztarren txanda izango da. Punk-rock indartsua egiten du batez ere neskez osatutako talde honek; Joseba Irazoki eta Lagunak izango dira taularatzen laugarrenak, 00:00etan. Azken diskoko lanak eskainiko dituzte.
Gaueko emanaldirako sarrerak behar dira. Hamar eurotan salgai daude, Motzen eta Entradium.com web gunean.
ZZ Rock jaialdia
- 13:00etan. Joseba B. Lenoir (Bera, Nafarroa).
- 14:00etan. Bazkari herrikoia. 15 euro.
- 21:00etan. Slim Jim and the Redeemers (Bartzelona).
- 22:30ean. Ginger (Zarautz, Gipuzkoa).
- 00:00. Joseba Irazoki eta bere lagunak (Bera, Nafarroa).