2022-2023 ikasturte politikoari hasiera emateko, ostegunean Zumarragako EH Bilduk herri batzarra egin zuen. Hauteskunde zikloari hasiera emateko ere baliatu zuten batzar horretan, hainbat zumarragarrekin batera, Oskar Matute diputatuak parte hartu zuen.
Matutek unearen irakurketa eta kokapen politikoa egiteaz gain, EH Bilduk urte politiko honetarako landu duen plangintza aurkeztu zuen. Horrekin batera, Zumarragako EH Bildu eta herritarrak zerbitzu publikoen defentsan (anbulatorioko Etengabeko Arreta Zerbitzua, uraren kudeaketa publikoa…) egiten ari diren lana azpimarratu zuen.
Zumarragako EH Bilduk, pasa den ikasturte politikoaren balorazioa egiteaz gain, hurrengorako plangintza eta lan ildoak azaldu zituen, orain arteko lanari eta egiteko moduari jarraipena emateko asmoa adieraziz:
Entzun: herritarren beharrak jaso (auzoz-auzo eta dauden erronkei erantzuteko espazioak sortuz).
Zaindu: zerbitzu publikoen defentsa (ura, Etengabeko Arreta Zerbitzua…)
Herria egin: proposamen zehatz eta egingarriak eginez, fiskalitatearekin egin duten bezala
“Esan bezala, legegintzaldiko azken txanpan gaude eta hauteskunde ziklolari hasiera eman diogu. Beste eredu bat behar dugula eta posible dela sinistuta gaude. Gogoz, ilusioz eta anbizioz, zumarragarroi itxaropen aktiboa eta konponbide berriak ekartzeko indartsu gaude. Lankidetzan, kooperazioan eta adostasunean oinarritutako balioekin eta lidergoekin”, azaldu du EH Bilduk.