Bigarren urtez jarraian, auto klasikoen Sunsundegi rallya Zumarragan amaituko da. Larunbatean izango da. 47 autoak Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuko dira 11:00etan eta 18:00ak aldera helduko dira Zumarragako trintxerara. Bertan ikusgai egongo dira, 20:00-21:00ak arte. Erregulartasun rallyan parte hartuko duten gidariek antolatzaileek ezarritako orduan igaro beharko dira ibilbideko puntu ezberdinetatik. Ezarritako orduetatara gehien gerturatzen denak irabaziko du.
Trintxeran, rallyan parte hartuko duten autoez gain, beste 15 auto klasiko egongo dira ikusgai. Herritarren hiru auto egongo dira ikusgai: Iñaki eta Beñat Aiastuiren Citroen Dyane 6a, Aitor Arnaiz eta Jon Imanol Martinen Seat Fura Cronoa eta Milud Rattaren Mercedes SL 320a.
Rallya gaur eguerdian aurkeztu dute Zumarragako kultur etxean. Ekitaldian Eduardo Martinez RACVNeko zuzendari-kudeatzaileak, Xabier Artzamendi RACVNeko kirol zuzendariak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak parte hartu dute.
Martinezek RACVNek datorren urtean 100 urte beteko dituela gogoratu du. “Auto historikoen rally bat egingo dugu eta Zumarragara etorriko da, noski”.
Artzamendik auto klasikoak goraipatu ditu. “Zumarragara etorriko diren auto klasikoak 50 urte barru ere errepidean ikusiko ditugu, mantenua erraza baita. Egun egiten diren autoek, berriz, ez dute iraungo”.
Prentsaurrekoaren ondoren, rallyan parte hartuko duen autoetako baten ondoan argazkia atera dute: 1968ko Volvo 142S.