Maiatzaren 3an uraren tasa berriak eta uraren zerbitzuaren kudeaketa esleitzeko pleguak onartu ziren Zumarragan, PSE-EEren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta Elkarrekin Zumarraga eta EH Bilduren aurkako botoekin. FCC Aqualia enpresak, ordea, helegitea jarri du eta jaurlaritzaren Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoak pleguetan aldaketak egiteko eskatu dio Zumarragako Udalari. Aldaketa horiek egin ditu eta astearteko osoko bilkuran plegu berriak onartu ziren, PSE-EEren eta EAJren aldeko botoekin. EH Bildu eta Elkarrekin Zumarraga aurka azaldu ziren.
EH Bilduko Josu Aztiriak halako zerbait gertatu zitekeela iragarri zutela gogoratu zuen. «Pleguak Aquarbe enpresaren neurrira egin zirela esan genuen. Capiol enpresak egin zituen eta enpresa horretan Aquarbeko zuzendari ohiek lan egiten dute. Hala, guk esandakoa bete da».
Uraren kudeaketaren «pribatizazioa» salatu zuen, beste behin. «Zumarragako uraren inguruan azoka bat sortu da eta azoka horretan FCC Aqualia enpresa ere sartu da. Jaurlaritzak pleguak Aquarberen neurrira egin direla dio eta Capioli ordaindutako 30.000 euroak zakarrontzira bota ditugu. Ezin dira gauzak okerrago egin. Suez (Aquarbe) eta FCC Aqualia uraren inguruko guda egiten ari dira Espainian eta guda hori Zumarragara ekarri da. Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoak ebatzitakoa sekulako kolpea da gobernu taldearentzat eta alkatearentzat. Pleguak Aquarberen neurrira egin zirela eta ez zituztela udalaren interesak defendatzen esan du, ez zutelako eskaintza onuragarriena saritzen».
Zumarragarrek uragatik asko ordaintzen dutela gehitu zuen. «Estatuko prezio garestiena dugu. Zumarragarrok zigor hirukoitza dugu (argia, gasa eta ura), gobernu taldeak herritarren interesak hobetsi beharrean multinazional batenak hobesten dituelako».
Mikel Serrano alkateak uraren kudeaketa ez dela «pribatua», baizik eta «zeharkakoa» esan zuen. «Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoak EH Bilduri arrazoia eman diola esatea, sinplekeria da. Pleguek ehunka orri dituzte eta bi puntu aldatzeko eskatu digute. Hori ez da pleguen filosofiaren aurka joatea. Gure zerbitzu juridikoek helegitea aurkeztu dezakegula esan digute, baina ez dugu denbora gehiago galdu nahi».
Capiol enpresari pleguak prestatzeko ordaindutako dirua ez dela zakarrontzira bota gehitu zuen. «Bi puntu bakarrik aldatu behar izan ditugu. Gaur ekarri ditugun pleguak maiatzean ekarri genituen pleguen ia berberak dira».
Argindarraren eta gasaren prezioa urarenarekin konparatzeak ez duela zentzurik aipatu zuen. Bide batez, alkateak gobernu taldeak zergak eta tasak ez igotzea erabaki duela aurreratu zuen.