Elkarteei oparituko dizkienak dendetako erakusleihoetan jarriko dira
Bi-Tartean elkarteak Ber4 kanpainaren hirugarren fasea martxan jarri du gaur: herritarrek emandako praka bakero zaharrekin egindako mantalak dendetako erakusleihoetan jarri dira.
Bi-Tartean Urretxuko eta Zumarragako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen elkarteak apirilean jarri zuen abian Ber4 kanpaina: berrerabili, berrasmatu, berpiztu eta berreskuratu.
Jasangarritasunarekin lotuta dagoen kanpaina da, eta ingurumenarekiko jasangarritasunaz gain jasangarritasun sozialari heltzen dio, gure inguruari balioa emanez. Herriari eta herrigintzari balioa emanez.
Kanpaina lau fasetan garatuko da. Lehenengo biak burutu dituzte dagoeneko eta azkeneko biak udazken honetan egingo dituzte.
Erabiltzen ez ziren galtza bakeroak biltzen hasi zuten kanpaina (lehenengo fasea, berrerabili). Praka horiei beste erabilpen bat eman nahian, mantalak egin zituzten (2. fasea berrasmatu). Mantalak, 108 guztira, Mairi elkarteko kideek eta Ur Lantokiak egin zituzten.
Bi-Tarteanek mantal horietako gehienak Urretxu eta Zumarragako elkarteei oparituko dizkie, herriaren alde egiten duten lana aitortzeko eta eskertzeko. Gainontzekoak herritarren artean zozkatuko dira. Azken horiek Urretxuko eta Zumarragako sortzaile ezberdinek pertsonalizatu dituzte.
Mantalak Berpiztu fasean entregatuko dira. Lehenengo, mantalak dendetako edo zerbitzu-enpresetako erakusleihoetan jarriko dira, elkarteoi ikusgarritasuna emateko. Elkarte bakoitzak mantala bere establezimenduan jarri duen merkatariaren eskutik jasoko du. Banaketa azaroaren 7tik 11rako astean egingo da.
Kanpainaren amaiera ekitaldia azaroaren 12an izango da, Pagoeta eraikinean (eliza izan zen eraikinean).