Auto klasikoen Sunsundegi rallya Zumarragan amaitu zen. 62 auto egon ziren ikusgai Zumarragako trintxeran. Tartean, Iñaki Aiastui, Aitor Arnaiz, Jon Serrano eta Milud Ratta herritarrenak.
Auto klasikoek xarma berezia dute. Balio historikoaz gain, balio sentimentala dute. Umetan ezagutu genituen autoak dira eta haurtzarora eramaten gaituzte. Hori dela eta, auto klasikoen topaketek jende asko erakartzen dute. Larunbatean auto klasikoen Sunsundegi rallya Zumarragako trintxeran amaitu zen eta herritar asko elkartu ziren bertan, autoak ikusteko. 62 auto egon ziren ikusgai: 47k rallyan parte hartu zuten eta beste 15ek ibilbidea osatu zuten, baina ez ziren lehiatu. Hamabost horien artean lau herritar zeuden.
Ekitaldian parte hartu zuten lau herritarrak Iñaki Aiastui, Jon Serrano, Aitor Arnaiz eta Milud Ratta dira. Aiastuik Citroen Dyane 6 batekin parte hartu zuen, Serranok Opel Kadett GTE batekin, Arnaizek Seat Fura Crono batekin eta Rattak Mercedes kabriolet batekin.
Aiastuik bere bi semeekin parte hartu zuen: Amets eta Beñatekin. Hirugarren aldiz parte hartu zuten kontzentrazioan. Beti Dyane 6arekin. Izan ere, auto hori oso gustuko dute. «Nire aitak Dyane 6 bat izan zuen eta nik honen aurretik beste bat izan nuen. Gainera, osaba batek Citroen 2CV bat du. Dyane 6a gure etxeko autoa dela esan dezakegu. Kariño handia diogu».
Egungoa Aretxabaletatik ekarri zuen. «Aretxabaletako lagun batek eman zidan eta etxean zaharberritu genuen. Auto hauek lan handia ematen dute. Urte asko dituzte eta gauza asko egin behar zaizkie: azpialdea txukundu, margotu, motorra aldatu…».
Oso auto xumea da, baina xarma berezia du. Izan ere, bere garaian asko egon ziren eta ia guztiok ibili gara noizbait Dyane 6 edo 2CV batean. Gainera, kabrioletak dira. «Auto hauek ez dute ezer berezirik, baina kabrioletak dira. Hondartzara joateko primerakoak dira. Guk ez dugu asko erabiltzen. Udan, gehienbat».
Dyane 6a eguzkiaz eta paisaiaz gozatzeko autoa da. Arnaizen Seat Fura eta Serranoren Opel Kadetta, berriz, lasterketetan ibiltzeko modukoak dira. Arnaizek Jon Imanol Martin ilobarekin osatu zuen ibilbidea. Helmugan Ibai semea zuen zain. 2008an erosi zuen Seat Fura Crono ikusgarria. «Beste auto bat bila ari ginen, baina hau ikusi genuen eta, gustukoa genuenez, erosi egin genuen».
Auto berezia dela dio. «Modelo hau urte bakar batean egin zuten. Seat 127aren garapena da. Oso gutxi egin ziren eta, prezio onean eskaini zigutenez, Madrilera joan ginen bere bila».
Arnaizek lau auto klasiko ditu: bi Seat 600, Seat 850 bat eta aipatutako Seat Fura. Seat zalea da. «Auto guztiak marka berekoak edukitzea abantaila da. Mekanikaz ia igoalak dira eta, gainera, askotan baten piezek besteentzako ere balio dute».
Serranok ere makina bat auto klasiko izan du. Egun, 1983ko Opel Kadett GTE bat du. Bere autoak 40 urte beteko ditu datorren urtean, baina fabrikatik atera berritan bezain gazte dago. «Duela 10 bat urte erosi nuen. Lehenago beste Kadett GTE bat izan nuen eta, piezak nituenez, hau erostea erabaki nuen. Erosi nuenean barrutik txikituta zegoen eta erabat berritu behar izan nuen. Nik neuk egin nuen. Margotu ere nik egin nuen».
Serranoren Opel Kadett GTA modeloa lau urtetan bakarrik fabrikatu zen. «Oso gutxi daudenez, kotizatuta daude». Ez du askotan ateratzen kalera. «Horrelako egunak garajetik ateratzeko aitzakia ona dira. Noizean behin bakarrik erabiltzen dut».
Serrano Opel Kadett eta Volkswagen Golf zalea da eta Ratta, berriz, Mercedes zalea. Marokoarra da eta duela 17 urte etorri zen Euskal Herrira. Bi urte eman zituen Gasteizen eta 15 urte daramatza Zumarragan. Autoak betidanik gustuko ditu eta Zumarragako Leturiatarren plazako Mujika tailerrean lan egiten du. «Umetatik atsegin dut mekanika. Auto klasiko asko izan ditut: Volkswagen Golf III GTI, Peugeot 505 GTI…».
Egun bi Mercedes ditu: 190 bat eta rallyra eraman zuen 25 urteko kabrioleta. «Auto klasikoak asko gustatzen zaizkit. Egungoak ez bezala, lehengoak benetako autoak ziren. Mercedesak bereziki gustatzen zaizkit. Marokoarroi Mercedesak asko gustatzen zaizkigu. Izan ere, Europara etortzen ziren asko Mercedes batekin itzultzen ziren jaioterrira. Mercedes berriak ez zaizkit batere gustatzen. Zaharrak gustatzen zaizkit. Sekulako kalitatea zuten eta oso lan gutxi ematen dute», aipatu zuen.