Jordi Bermejo 'Boemius' (Beasain, 1979) artistak bizikidetzaren aldeko panelak jarri ditu Zumarragako kaleetan, Zelai Arizti kultur etxearen 15. urteurreneko ekitaldien barnean.
Zein ikasketa egin zenituen?
Enpresa munduan lan egin nuen, baina sormen lana nahiago nuenez, 28 urterekin Bartzelonako Escola Joso ikastetxera joan nintzen. Eskola hori komiki, arte kontzeptual eta ilustrazioan erreferentea da. Europa mailan ospe handia du, baina ez dira ikasketa arautuak. Ikasketak amaitu ondoren ikastaroak egiten jarraitu dut eta nire egitasmoak aurrera ateratzen saiatu naiz.
Marraztea umetatik atsegin al duzu?
Umetatik gustatzen zait. Utzi egin nuen, baina gaitasun hori nuen eta berreskuratzea erabaki nuen.
Zergatik joan zinen Bartzelonara eta ez beste ikastetxe batera?
Komikia beti asko gustatu zait eta ondo marrazten ikasi nahi nuen. Baina Claus Groten Vomito taldeko baxu-jotzaileari buruzko proiektu batean lan egin nuen eta ez nuela komikigile izpiriturik ikusi nuen. Komikigileek ordu asko ematen dituzte marrazten egunero eta niri artea mezuak transmititzeko zerbait izatea gustatzen zait. Oso mugitua naiz. Artea irakaskuntzan eta mezuak aldarrikatzeko erabiltzen dut.
Zertan zabiltza?
Bide horretatik jotzen saiatzen ari naiz, baina ez da erraza. Komiki ikastaroak eta arte tailerrak ematen ditut ikastetxeetan, Donostiako akademia batean lan egiten dut… Komikigintza irakaskuntzan indar handia hartzen ari da. Oso erreminta pedagogiko ona da. Izan ere, haurrek askoz ere azkarrago eta hobeto ikasten dute komiki bidez, testu bidez baino. Irakaskuntzan egiten dudan lanaz gain, nire proiektu pertsonalak aurrera ateratzen ditut. Ez da erraza. Autonomoa naiz eta autonomook traba asko ditugu. Ogasunak, Ticket Bairen harira, nik ematen ditudan ikasketak arautuak ez direnez, BEZa deklaratu behar didala esan dit. Bezeroei gehiago kobratzen badiet, beharbada ezin izango didate ordaindu. Zailtasun asko jartzen dizkigutela iruditzen zait. Uzteko esaten ari zaizkigula dirudi.
Zeintzuk dira zure proiektu pertsonalak?
Udal batentzako lan egiten dudanean, udalak esaten dit zer margotu. Urretxun, adibidez, Urolako Trena margotu nuen. Zumarragako proiektua, berriz, erabat pertsonala da. Artea gizarte kohesioa bultzatzeko erabili dut. Egitasmoa nik sortu nuen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza lortu nuen. Zailtasun asko jartzen dizkizute eta dirutan kobratzen ez duzun lan asko egiten duzu. Gure lana baloratzen dute, baina ez behar bezainbeste. Zure askatasuna mugatzen dute. Instituzioek geroz eta halako lan gehiago enkargatzen dituzte, baina oraindik bide luzea dugu egiteko. Ez dituzte behar bezainbeste erraztasun ematen. Lan hauek denontzako dira. Kultura dira, aldarrikapena dira…
Nolatan sortu zen Zumarragan ikusgai jarri duzun egitasmoa?
Donostiako Esperanza Latina migratzaile elkartearekin sortu nuen. Beraien esperientziak kontatu zituzten, nik irudiak sortu nituen eta muntaia denon artean egin genuen. Datorren hilean muralak Deustura (Bizkaia) eramango ditut.
Antzeko lanik egin al duzu?
Duela hiru urte Martxoaren 8aren inguruko lan bat egin genuen. Zumarragako panelak lan hura egiteko erabili nituen berberak dira. Buelta eman diet eta beste aldetik erabili ditut. Beti diru arazoekin gabiltza eta, gainera, birziklatzea gustatzen zait.
Zer gehiago duzu eskuartean?
Secundino Esnaola musika eskolaren parean mural bat egitea proposatu nuen eta onartu egin dute. Musika eskolaren parean dagoen etxean bi trikitilari, nota batzuk eta instrumentu batzuk margotuko ditut.