Zumarragako EH Bilduk uraren pleguak Suez-Aquarberentzat eginda zeudela eta jaurlaritzak beraien filosofia ezbaian jarri duela salatu du
Maiatzaren 3an uraren tasa berriak eta uraren zerbitzuaren kudeaketa esleitzeko pleguak onartu ziren Zumarragan, PSE-EEren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta Elkarrekin Zumarraga eta EH Bilduren aurkako botoekin. FCC Aqualia enpresak, ordea, helegitea jarri zuen eta jaurlaritzaren Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoak pleguetan aldaketak egiteko eskatu dio Zumarragako Udalari. Aldaketa horiek egin ditu eta joan zen asteko osoko bilkuran plegu berriak onartu ziren, PSE-EEren eta EAJren aldeko botoekin. EH Bildu eta Elkarrekin Zumarraga aurka azaldu ziren. PSE-EEk egin beharreko aldaketei garrantzia kendu die. EH Bilduk, ordea, jaurlaritzak pleguen filosofia ezbaian jarri duela salatu du. EH Bilduk bere iritzia azaldu zuen atzo, prentsaurreko bidez. Horra hor testuaren edukia.
“Pasa den astean, Zumarragan ematen ari den uraren pribatizazio prozesuaren hamaikagarren kapitulua ikusi genuen. Maiatzean uraren kudeaketarako pleguak onartu zirenean, EH Bildutik gauzak okerrago ezin zirela joan esan genuen. Oker geunden: joan zitezkeen eta okerrera egin dute. Osoko bilkura hartan salatu genuen bezala, plegu horiek Aquarberentzat neurrira eginak zeuden eta Eusko Jaurlaritzaren azken ebazpenak orduan esandakoa berretsi besterik ez du egin. Ondo ari ginen.
Maiatzean onartutako pleguen aurka Aqualia-FCCk errekurtsoa aurkeztu zuen; aipatu enpresa Suez-Agbar-Aquarberekin batera Estatuan uraren kudeaketa pribatutik eratorritako kontratuak partekatzen dituen enpresa izanik. Merkatu neoliberalak Zumarraga du orain borroka eremu. Egoera hau da uraren kudeaketa pribatizatuta dagoela erakusten duen adierazlerik nabarmenena.
Aqualiak salatu zuenez, Zumarragan onartutako pleguek lehia librearen eta udal interesen aurka jotzen zuten. Salaketa larriak, lehiaketa publiko baten oinarrian lehiaketara aurkezten diren enpresen arteko aukera berdintasunaren bermea izan behar dela kontuan hartuta.
Eta nola argudiatu zuen Aqualiak aurkeztutako errekurtsoa? Plegu hauen esleipena 100 punturen baitan erabakitzen da. 100 puntu horietatik 55 formulen arabera ebaluatzen dira eta gainerako 45ak irizpide subjektiboen arabera.
Eta 55 puntuetatik 50, enpresak udalari kanon gisa urtero emango dion diruaren arabera banatuko dira. Afera honakoa da: 50 puntu horiek banatzen dituen formula matematikoa diseinatzerakoan, eskaintza guztiei kopuru jakin batetik aurrera gehiengo puntuazioa ematen zaiela; hau da, berdin da 300.000 euro edo 3 milioi euro eskaintzea, lortu beharreko puntuazioa berdina baita. Hala, irizpide subjektiboak dira erabakigarriak.
Gobernu taldearen arabera, eskaintza ekonomikoari ez zioten gehiegizko garrantziarik eman nahi izan; enpresak, bete ezin zitekeen eskaintza gehiegizkoa egin ez zezan, dirua tasetatik (gure fakturetan ordaintzen duguna) jasotzen dela kontuan hartuta.
Arrazonamendu hori kontuan hartuta, beste behin agerian geratzen da Zumarragako ura Gipuzkoako garestiena dela, enpresaren eta udalaren artean banatu beharreko dirua dela eta; eta ez zerbitzuaren kostuarengatik. Zumarragako ura garestiena da, tasak zerbitzuaren kostua ez ezik, ezkutuko mailegu bat ordaintzeko ere erabiltzen direlako.
Beraz, irizpide erabakigarria izatea nahi ez bazuten, ez al zen errazagoa eskaintza ekonomikoari pisu txikiagoa ematea? 20 edo 30 puntuko pisua eman ziezaioketen.
Hona hemen jokaldia: kontratu publikoei buruzko legearen arabera, irizpide subjektiboak %50a baino gehiago badira, kontratua egiten duenaz gain beste organo independiente batek baloratu behar ditu eskaintzak. Beraz, gobernu-taldeak plegu batzuk diseinatu ditu, non, printzipioz, formuletan oinarritutako irizpideek %50 gainditzen duten, baina, praktikan, kontratua irizpide subjektiboen arabera esleizten den. Hau da, zuzenean.
Berebiziko jokaldia, Eusko Jaurlaritzak kontratazio prozesua eten ez balu. Eta berebiziko jokaldia, aurrera egin ez duten plegu hauen diseinua, Capiol aholkularitzaren eskutik (Agbar-Suez-Aquarbeko zuzendari ohiak), zumarragarrei 30.000 euro kostatu izan ez balitzaigu.
Beraz, aldaketak ez dira garrantzirik gabeko pare bat kontutxo bakarrik (alkateak hori esan zuen). Eusko Jaurlaritzaren ebazpen horrek hankaz gora jartzen du gobernu taldeak diseinatutako pleguen filosofia. Horretaz gain, Zumarragan nola eta norentzat gobernatzen den erakusten du. Nola? Inprobisazioarekin, zorroztasunik gabe eta opakotasunetik. Norentzat? Herritarren interesak defendatu ordez, multinazional handien interesak lehenesten ditu”.