Zuhaitz Gurrutxaga aurkezle, aktore eta futbolari ohiak FutbolisTOK bakarrizketa egingo du azaroaren 4an, 20:15ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ekitaldi hau Urretxu eta Zumarragako udalek antolatu dute.
FutbolisTOK Gurrutxagaren (Elgoibar, 1980) bakarkako bigarren lana da. Ikuskizun honen ardatz nagusia, Gurrutxaga Real Sociedad futbol taldeko jokalari zeneko garaia da. Garai hartako hainbat bizipen eta anekdota ditu hizpide. Horrez gain, jendaurrean lehen aldiz, lehen mailako futbolari zenetik lehen pertsonan pairatzea tokatu zaion Asaldura Obsesibo-Konpultsiboaz (gazteleraz TOC, Trastorno Obsesivo-Compulsivo) ere hitz egingo du.
Gai guzti hauek, umorea bidelagun duela jorratuko ditu bakarrizketalari elgoibartarrak, eguneroko gorabeherak eta arazoak erlatibizatzeko, nork bere buruaz barre egitea baino modu aproposagorik ez dagoela erakusteko asmoz.
Sarrerak 10 euroan daude salgai, Zelai Ariztiko leihatilan eta makina eta zelaiarizti.sacatuentrada.es webgunean. Gazte Txartela dutenek 7 euro bakarrik ordainduko dute eta 30 urte azpikoek (saioaren egunean 19:45etik aurrera leihatilan) 5 euro bakarrik.