Merkatariei, ostalariei eta zerbitzuen arloko profesionalei energia kontsumitzeko eta sortzeko modu berriak azalduko dizkiete
Energia sortzeko eta kontsumitzeko modu berri baterako trantsizioa abian da eta norberak egin dezakeena ezagutzea funtsezkoa da fakturan aurreztea lortu nahi bada. Hori dela eta, Uggasa garapen agentziak, mankomunitateko udalekin eta Merkataritzako Bulego Teknikoarekin batera, merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzu profesionalei zuzendutako tailer bat antolatu du.
Energia aditu batek, hurbileko eta konfiantzazko giro batean, kontsumo datuak, fakturak eta egungo merkatu elektrikoan gertatzen ari dena nola ulertu azalduko du. Horretaz gain, energia aurrezteko gakoak emango ditu.
Antolatzaileek merkatariak, ostalariak eta zerbitzuen arloko profesionalak tailera honetan parte hartzera animatu dituzte. Faktura bat eraman behar dute eta adituak behar dituzten azalpen guztiak emango dizkie.
Hiru tailer antolatu dira, toki eta ordutegi ezberdinetan, bakoitzak hobekien datorkiona aukeratu ahal dezan. Zumarragakoa ostegunean izango da (kultur etxean, 09:30etik 12:00etara), Urretxukoa ere ostegunean izango da (kultur etxean, 14:00etatik 16:30era) eta Legazpikoa azaroaren 10ean (kultur etxean, 14:00etatik 16:30era).
Ekintza hau mankomunitateak sustatzen duen Jasangarritasun Energetiko Planaren barne antolatu da eta aldundiaren Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako departamentuaren babesa du.
Parte hartzeko, sakatu hemen.
Informazio gehiago jasotzeko, energia@uggasa.eus helbidera idatzi daiteke edo 943 72 52 16 zenbakira deitu.