Javier Merino ‘Janariz’ (Zumarraga, 1966) margolariak ‘Lekuak’ erakusketa ireki du Zelai Arizti kultur etxean. Urretxuko eta Zumarragako txoko kuttunak margotu ditu.
Zer ikusi daiteke erakusketan?
Erakusketan aurten egindako 40 margolan jarri ditut. Guztietan Urretxuko eta Zumarragako lekuak ikus daitezke. Betikoa gertatu zait: gustatzen zaizkidan tokien argazkiak atera ditut eta lauzpabost margotu ditudanean erakusketa egitea pentsatu dut.
Bi herriak margotu dituzu.
Kaleak, txoko ezkutuak… margotzeko gogoa nuen. Eta ez Zumarragakoak bakarrik. Zumarraga edo Urretxu, berdin zait. Erosketak egitera joaten naizenean, norbaitekin gelditzen naizenean… ez dut pentsatzen herri batean edo bestean nagoen. Erakusketari Lekuak-Lugares izenburua jarri diot, hasieran Nire herria-herriak izena jarri behar nion. Bi herriei omenaldia da. Ez dakit herri bakoitzeko zenbat toki margotu ditudan. Berdin zait. Niretzat biak bat dira.
Txoko ezagunak eta ez hain ezagunak ikus daitezke: kaleak, dendak, tabernak, atariak, iturriak, eraikinak…
Toki batzuetatik egunero pasatzen gara eta ez gara beraien edertasunaz jabetzen, beti presaka goazelako. Piedad kaleko iturriak, adibidez, apaingarri asko ditu eta oso polita da. Denda eta taberna batzuen fatxadak ere oso politak dira.
Merkatariak eta ostalariak gustura egongo dira…
Erakusketan ageri diren dendetako eta tabernetako merkatariek eta ostalariek margolanak asko gustatu zaizkiela esan didate. Besteren batek bere denda zergatik ez dudan margotu galdetu dit.
Margolanak salgai al daude?
Guztiak salgai daude. Batzuk saldu ditut dagoeneko.
Oraingoan akuarela eta tinta erabili dituzu.
Olioarekin margotu izan dut, baina beti akuarela egiteko gogoa izan dut. Pandemian online ikastaro bat egin nuen, akuarelarekin eta tintarekin margotzeko. Erakusketa honetan marrazketa, akuarela eta tinta uztartu ditut.
Zeintzuk dira bi herriotako zure txoko kuttunak?
Nire txoko kuttuna Antio da. Erakusketa honen oinarria arkitektura da eta Antioko arkitektura apartekoa da. Antioko baselizaren barrualdea zoragarria da. Bi herrietako beste eraikin batzuk ere enblematikoak dira. Busca Isusiren etxea, adibidez. Urretxuko Labeaga kaleko etxe berezi bat, ordea, ez da horren ezaguna. Hortik ere egunero ere pasatzen gara eta margolanak zeresana emango du. Erakusketan ez dut lekuei buruzko informaziorik ipini, jendeak non dauden asma dezan. Egunerokoan oharkabean pasatzen diren toki horiez hitz egin dezan.
Urretxu eta Zumarraga herri interesgarriak al dira margolari batentzat?
Edozein gauza margotzeko modukoa da. Aipatu dudan Urretxuko etxe horretatik gertu edukiontzi bat dago eta hori ere margotu egin dut. Margolan batean, edukiontziek ere xarma izan dezakete.