Zelai Arizti kultur etxeko sarreran erakusketa ireki dute. Tailerra ere antolatu dute eta urtarrilean Octavio Salazar legelariak hitzaldia egingo du.
Zumarragako Udalak maskulinitate berriei buruzko programa antolatu du. Datozen asteetan, erakusketa, tailerra eta hitzaldia egongo dira.
Erakusketa atzo ireki zuten, Zelai Arizti aretoan. Izenburua Gizonak berdintasunerantz eta maskulinitate berriak. 24 irudi berri gizarte berri baterako da. Erakusketan maskulinitate berriari buruzko argazkiak eta testuak ikus daitezke. Hilaren 11 arte egongo da zabalik, kultur etxeko sarreran: astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era.
Tailerrei dagokionez, bi egongo dira: nerabeei zuzendutakoak eta gainontzeko herritarrei zuzendutakoak. Izena emateko, berdintasuna@zumarraga.eus helbide elektronikora idatzi behar da.
Hitzaldia urtarrilean izango da. Octavio Salazar Benitezek emango du. Salazar jurista da eta genero borrokari buruzko lanengatik egin da ezagun. Zuzenbide Konstituzionaleko Sare Feministako kidea da. Hainbat komunikabidetan kolaboratzen du eta maskulinitate hegemonikoari buruzko hainbat lan idatzi ditu.
Programa atzo aurkeztu zuten Zumarragako kultur etxean. Ekitaldian Arantxa Gonzalez zinegotziak eta Piper Txuriak berdintasunaren aldeko gizonen taldeko Juanma Feitok parte hartu zuten.
Gonzalezek gizonezkoak tailerrean parte hartzera animatu zituen. «Generoa eraikuntza kultural bat da. Tailerrekin, gizonei generoa desegiteko bidean lagundu nahi zaie eta, ondorioz, berdintasunaren eta justiziaren aldeko jarrera aktiboa izan dezatela bultzatu».
Feitok taldea 2008an sortu zutela eta berdintasunaren aldeko lanak «liberazioa» ekarri diela esan zuen. «Patriarkatuarekin amaitzea hil ala bizikoa da. Osasun mentala eta fisikoa jokoan daude. Berdintasunari eta maskulinitate berriari esker, debekatuak genituen bizipenak izan ditugu».