Chiang Maiko probako 78-ko lasterketan bosgarren postua eskuratu du Aritz Egea urretxuarrak. Munduko Ultra Trail txapelketako lasterketa da egin duena eta emaitza bikaina lortu du.
Aritz Egea urretxuarrak Tailandiara egin du bidaia oraingoan lasterketa baterako, Chiang Mai hirira, hain zuzen ere, eta ez edonolako lasterketa. Munduko Ultra Trail Txapelketako proba bat da egin berri duena eta emaitza bikaina lortu du. Bosgarren postuan iritsi zen urretxuarra helmugara, 7 ordu, 48 minutu eta 42 segundu behar izan zituen ibilbidea osatzeko; lehen helmugaratua iritsi zenetik ordu erdi ingurura. 78 kilometroko eta 4.807 metroko desnibeleko ibilbide gogorra izan du erronka oraingoan Egeak eta bakarkakoan ez ezik, taldekako sailkapenean ere postu bikaina eskuratu du: hirugarrena, Espainiar Selekzioaren izenean parte hartu duten gainontzeko korrikalariekin batera.