34. Mineralogia eta Paleontologia astea ospatu dute Urretxun urriaren 31tik azaroaren 6ra eta azoka egin dute asteburuan zehar. Jende ugari ibili da Ederrena Pilotalekuko postuetan erosketak egiten.
Mineralogian eta Paleontologian murgilduta daramate urriaren 31tik azaroaren 6ra bitarteko astea urretxuarrek, izan ere, 34.mineralogia eta paleontologia astea ospatu berri dute Urrelur Museoaren eskutik eta gaur eman diete amaiera egitarauari. Hau hala izanik, zenbait ekintza izan dituzte egun hauetan zehar, hala nola, hitzaldiak, erakusketak, haurrentzako eskaintza eta asteburu osoan martxan izan duten azoka.
Ederrena Pilotalekua postuz bete zuten eta postu hauek guztiak mineralez eta harribitxiz bete zituzten, hala, espazio hau salerosketarako eta trukeetarako gaituz. Asteburu osoan zehar jende asko ibili da eta salmentak ere ondo joan direla aitortu du saltzaileetako batek. Jende asko eta txoko desberdinetakoa gainera ibili da azokan, izan ere, mineralogia zaletuentzat galdu ezinezko azoka da hau, beraz, aditu zein jakintsu ugari biltzen dituen azoka da azken urteetan lortutako indarra dela eta.
Ehundaka mineral desberdin topatu dituzte bertan gerturatutakoek eta azken unera arte izan da jendea sartu-irtenean Ederrena Pilotalekuan.