Azaroko lehen asteburua iritsi eta Zumarragan Buzkantza feria izan dute gaur goizean, beste urte batez. Jende ugari gerturatu da bertara, jan-edanera, azoka ikustera eta idi probez gozatzera. Aurtengoan idi probetan Ipiñarrieta gailendu da.
Azaroko lehen asteburuarekin eta tenperatura jaitsierarekin batera iritsi da aurtengoan ere Buzkantza Eguna Zumarragara. Gaur goiz osoan zehar jendea erakarri duen eguna izan da eta azkenean, jendetza elkartu da plazaren bueltan. Goizeko 11etan pintxo lehiaketako sari banaketa izan dute. Pintxorik onenaren saria “Saski” tabernak eraman du aurtengoan eta pintxo originalenaren saria, aldiz,”Bidezar” tabernak.
Ondoren, idi probei hasiera eman diete. Idi probak oso interesgarriak izan dira eta animo hotsa ez da falta izan ikusleen aldetik. Plaza bat baino gutxiagogatik irabazi baitu Ipiñarrietak.
Azoka ere Buzkantza eguneko beste ohiko elementu bat izaten da. Aurtengoan ere, herriko plaza inguratzen duten arkupeak postuz beteta topatu dituzte gerturatu direnek, hainbat produkturekin. Egurrez eginiko apaingarriak, bitxiak, ohialekin egindako produktuak, jatekoak eta abar eskaini dira gaurkoan.