Bosgarren postua lortu du bakarkako sailkapenean eta hirugarrena taldekakoan
Aritz Egea urretxuarra bosgarren postuan sailkatu zen larunbatean munduko trail running txapelketan. Proba Tailandian jokatu zen. Egeak 80 kilometroko eta 4.910 metroko desnibeleko ultra trail proban parte hartu zuen. 7 ordu, 48 minutu eta 42 segundu behar izan zituen ibilbidea osatzeko.
Proba Adam Peterman estatubatuarrak irabazi zuen (7:15:53), bigarren postuan Nicolas Martin frantziarra sailkatu zen (7:28:44) eta hirugarrenean Andreas Reiterer italiarra (7:36:50).
Egeak Espainiako selekzioarekin parte hartu zuen eta taldekako sailkapenean hirugarren postua lortu zuen.
Egea gustura ageri da. “Gustura nago egindako lanarekin. Hasieran, 50. kilometrora arte-edo, oso ondo aritu nintzen. Ondoren, bero kolpe baten ondorioz, oso gaizki pasa nuen. Amaieran buelta eman nion. Izotzarekin lagundu zidaten. Indartsu amaitu nuen. Beti gehiago nahi izaten da, baina bosgarren postuarekin gustura nago. Esperientzia berezi samarra izan da, Espainiako selekzioarekin parte hartu behar izan baitut. Bizipen ederra izan da. Honekin denboraldia amaitutzat eman dut. Denboraldi on samarra egin dut. Datorren urtean zer egin pentsatzen hasi beharko naiz, baina lehenengo atseden hartuko dut”.