Ekitaldian aurten erretiroa hartu duten bazkideak omenduko dituzte, besteak beste
Larunbatean, Bi-Tartean merkatari elkarteak Ber4 kanpainaren amaiera ekitaldia egingo du. Merkatari, elkarte, sortzaile eta herritarren arteko topaketa izango da. Ekitaldia Pagoeta gune soziokulturalean izango da (Pagoetako eliza izan zen eraikinean), 19:00etan.
Oihane Vicentek, Uxue Kerejetak eta Andoni Salamerok Dantzagira ikuskizuna egingo dute, Urretxu eta Zumarragako elkarteei egindako lana eskertuko diete, aurten jubilatu diren Bi-Tarteaneko bazkideei omenaldia egingo diete, kanpainaren ikus-entzunezkoa emango dute, sortzaileek egindako mantalak erakutsiko dituzte eta mokadutxoa egingo dute.
Omenduak Fernando Salegi harategiko Fernando Salegi eta Mailu Odriozola, Ederrena etxetresna-dendako Jose Luis Madina eta Rosa Hernandez, Lorea drogeriko Ana Elgarresta eta Oiarbide oinetako-dendako Andres Oiarbide eta Lurdes Garikano izango dira.
Bestalde, azaroaren 14tik 25era Urretxuko eta Zumarragako sortzaileek egin dituzten mantalen erakusketa egingo da Zelai Arizti kultur etxeko sarreran. Mantal horiek (30) erakusketak iraun bitartean kanpainara atxikitako establezimenduetan erosketak egiten dituztenen artean zozkatuko dira. Erosketa horiek gutxienez 40 eurokoak izan behar dira.
Bi-Tartean Urretxuko eta Zumarragako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen elkarteak apirilean jarri zuen abian Ber4 kanpaina: berrerabili, berrasmatu, berpiztu eta berreskuratu.
Jasangarritasunarekin lotuta dagoen kanpaina da, eta ingurumenarekiko jasangarritasunaz gain jasangarritasun sozialari heltzen dio, gure inguruari balioa emanez. Herriari eta herrigintzari balioa emanez.
Kanpaina lau fasetan garatu da. Erabiltzen ez ziren galtza bakeroak biltzen hasi zuten kanpaina (lehenengo fasea, berrerabili). Praka horiei beste erabilpen bat eman nahian, mantalak egin zituzten (bigarren fasea berrasmatu). Mantalak, 108 guztira, Mairi elkarteko kideek eta Ur Lantokiak egin zituzten.
Bi-Tarteanek mantal horietako gehienak Urretxu eta Zumarragako elkarteei oparituko dizkie, herriaren alde egiten duten lana aitortzeko eta eskertzeko. Gainontzekoak herritarren artean zozkatuko dira. Esan bezala, azken horiek Urretxuko eta Zumarragako sortzaile ezberdinek pertsonalizatu dituzte.
Mantalak Berpiztu fasean entregatuko dira. Lehenengo, mantalak dendetako edo zerbitzu-enpresetako erakusleihoetan jarri dira, elkarteoi ikusgarritasuna emateko. Elkarte bakoitzak mantala bere establezimenduan jarri duen merkatariaren eskutik jaso du.