Pintxo orijinalenari dagokion saria Bidezar tabernak irabazi du
Asteburuan buzkantzarekin egindako pintxoen lehiaketa egin dute Zumarragan. Saski tabernak pintxo onenari dagokion saria irabazi du eta Bidezar tabernak orijinalenari dagokiona. Hirukia, Txanpon, Urzubi eta Ziaboga tabernek ere parte hartu dute.
Saski tabernako pintxoa Jenny Vaca sukaldariak egin du. Emakume hau boliviarra da jaiotzez eta 23 urte daramatza Euskal Herrian. Ormaiztegin bizi da. Beti sukaldean lan egin du. Ormaiztegin jubilatuen etxeko tabernan lan egin zuen eta Elegante Eguneko pintxo lehiaketa bi aldiz irabazi zuen (2018an eta 2019an).
Saski tabernan hilabete eta erdi bakarrik darama eta dagoeneko sari bat irabazi du. “50 pintxo egin beharko genituela uste nuen eta askoz ere gehiago egin behar zirela esan zidatenean…”. Ormaiztegiarra izanda, odolki mundua ondo ezagutzen du behintzat. “Ez nituen osagai asko erabili, buzkantzaren zaporea bereiztu zedin. Izan ere, buzkantza da lehiaketa honetako pintxoen ardatza”.
Deba familiaren produktuarekin buzkantza bonboia egin zuen. “Buzkantza, sagar konpota, azukre beltza eta piperbeltz beltza erabili genituen. Dena ondo nahastu genuen, bolatxoak egin genituen, zuringotik eta almendra txikitutik pasa, paperezko sakitxoetan jarri eta 180 gradutara berotutako labean sartu genituen. Astebete eman nuen probak egiten eta asteburuan pintxoak maitasun handiz egin genituen. 960 pintxo inguru saldu genituen”.
Bidezar tabernako David Revuelta ere gustura ageri da. “Buzkantza torrada egin genuen, babarrun eta errezil sagar natillarekin eta pikillo piper moussearekin. 700 bat pintxo egin genituen. Bezero batzuk errepikatu egin zuten. Oso gozoa eta suabea zela esan ziguten. Izan ere, errezil sagarra erabili genuen gozoagoa eta suabeagoa egiteko eta torrada karamelizatu egin genuen”.
Saski tabernako pintxoa
Bidezar tabernako pintxoa