Urretxuko Udalak enpresa sorkuntza sustatzeko eta enpresa lehiakortasuna hobetzeko laguntzak emango ditu
Urretxuko Udalak enpresa sorkuntza sustatzeko eta enpresa lehiakortasuna hobetzeko laguntzen oinarriak onartu ditu.
Laguntza hauek hiru helburu dituzte: herriko ekintzaileei babesa ematea, enpresa eta dendei lehiakortasuna hobetzeko babesa ematea eta izaera berritzailea duten eta egoitza soziala herrian finkatu nahi duten enpresa gazteak Urretxun sustraitu daitezen indartzea.
Enpresak sortzeko laguntzen aurrekontua 8.000 eurokoa da eta inbertsioetarako laguntzen aurrekontua beste 8.000 eurokoa.
Eskaerak udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu behar dira, abenduaren 31 baino lehen.
Jarduera ekonomiko berrien sustapenerako laguntzak 1.000 eurokoak izango dira, baina sustatzaileen erdia gutxienez emakumezkoa bada 100 euro gehiago jasoko dute, sustatzaileen erdia gutxienez 25 eta 45 urte artekoa baldin bada beste 100 euro, sustatzaileen erdiak gutxienez 45 urte edo gehiago badituzte beste 200 euro, lehen sektorekoak badira beste 100 euro eta jarduera hirugune historikoan kokatua badago beste 200 euro.
Inbertsioetarako diru-laguntzei dagokienez, inbertsioa gutxienez 3.000 eurokoa izan behar da (urtean zehar egindako inbertsioen batuketa izan daiteke). Diru-laguntza inbertsioaren %30ekoa izango da gehienez (2.000 euroko mugarekin).