Ekain Agirrek (Urretxu, 2003) animazio bideoak egiten ditu eta Herbeheretara joan da lan egitera. Haren enpresak lan garrantzitsuak egin ditu. Youtube-rentzat, besteak beste.
Nolatan hasi zinen animazioaren munduan?
Nire anaiak bideo-jokoetan jokatzen zuen eta niri ere gustatu egin zitzaidan. Ni baino lau urte gehiago ditu eta teknologia eta bideo-jokoak gustatu zaizkio beti. Ni bere eskutik zaletu nintzen. Anaiak ordenagailuan jokatzen zuen eta horren eskutik bideo zaletasuna piztu zitzaidan. Izan ere, jokatzeaz gain, bideoak egiteari ekin nion. Hala, bideoak egitea jokatzea baino gehiago gustatzen zitzaidala konturatu nintzen.
Anaiak ere bideoak egiten al ditu?
Ez. Berari informatika gustatzen zaio. Informatika ikasketak egin zituen eta Accenture enpresan lan egiten du, Madrilen.
Zeintzuk izan ziren egin zenituen lehen bideoak?
Minecraft jokoan jendeak eraikuntzak egiten ditu. Ondoren, bideoak egiten dituzte Youtube-ra igotzeko. Egin nituen lehen bideoak jendeari gustatu egin zitzaizkion eta eskaerak iritsi zitzaizkidan. Gero eta bideo gehiago egiten nituen eta eraikitzaile profesionalak nire bideoengatik ordaintzen hasi ziren. Hala, profesional izatera pasa nintzen. 16 urterekin Youtuber batentzat egindako bideoak milioi bat bisita baino gehiago lortu zituen. Minecraft jokoak 100 milioi jokalari baino gehiago ditu mundu osoan zehar. Sekulako merkatua dago. Munduan gehien saldu den jokoa da.
Egun enpresa batentzat lan egiten duzu.
2016an enpresak sortu ziren eta hasieratik hor nago. Oso lanbide zehatza denez, talde profesional gutxi gaude. Minecraft jokoaren bideoak egiteaz gain, 3D animazioa egiten dugu. Hori gehiago gustatzen zait. 3D film laburretan muntaia egiteaz arduratzen naiz.
Nongoa da zure enpresa?
Alemaniarra da, baina Herbeheretako Amsterdam hirian ditu bulegoak. 16 urte bete aurretik ezagutu nituen, baina 16 urte bete nituenean hasi nintzen beraientzat lanean. Hasieran etxetik lan egiten nuen, baina Batxilergoa bukatu nuenean Amsterdamera joatea erabaki nuen.
Beraiek eskatu al zizuten Herbeheretara joatea?
Eskaini egin zidaten. Ez zen derrigorrezkoa. Etxetik lan egiten jarrai nezakeen, baina esperientzia polita izango zela uste nuen, han gehiago ikasiko dudalako.
Zenbat lagunek lan egiten duzue zure enpresan?
50 bat gara, baina Amsterdameko bulegoan sei gaude. Izan ere, langile gehienak oso gazteak gara eta batzuentzat ez da erraza horren gaztetan etxetik ateratzea.
Zeintzuk dira egin dituzuen lan garrantzitsuenak?
Minecraft-entzat bi aldiz lan egin dugu: behin jokoa berritzeko eta beste behin Nickelodeon-ek Minecraft-i kolaborazio bat proposatu zion eta guk Bob Belakiren joko bat egin genuen. Bob Belaki munduko entretenimendu marka garrantzitsuenetako bat da. Gure lan hori Minecraft-en produktu arrakastatsuena izan zen. Bestalde, duela urte bat Minecraft jokoa bilioi bat bisitara heldu zen Youtube-en. Youtube-k bideo bat egin nahi zuen hori ospatzeko eta Minecraft-i buruzko bideo hori egiteko eskatu zigun.
Gustura al zaude Amsterdamen?
Iazko abuztuan joan nintzen eta oso gustura nago. Lagun asko egin ditut eta esperientzia berri asko bizi izan ditut. Amsterdam bezalako hiri batean egotea sekulakoa da. Beste urtebete geldituko naiz, gutxienez. Bakarrik bizi naiz, baina alokairuak asko garestitu dira eta beste gazte batzuekin bizitzera joateko asmoa dut.
Zer esan zizuten gurasoek Herbeheretara joan behar zinela esan zenienean?
Gurasoek askatasuna eman didate beti. Bazekiten zertan nenbilen eta ez ziren harritu. Batxilergoko bigarren maila egiten ari nintzenean, bazekiten ez nuela ikasten jarraitu behar. Batxilergoa bukatu nuenean Amsterdameko bulegoak ireki zituzten eta joateko unea zen.
Ze asmo dituzu aurrera begira?
Animazio filmak egiten dituen enpresa batean lan egin nahi dut, muntatzaile lanean. Animazio eskolak daude, baina mundu horretan esperientziari garrantzi handia ematen zaio eta ni esperientzia handia pilatzen ari naiz. Urte asko daramat mundu horretan eta eskola batera joatea zerotik hastea litzateke. Dena den, ikastaro bat egitea suerta daiteke, noski.
……………………….
Horra hor Agirrek eta bere lankideek Youtuberentzat egindako bideoa.