Urretxu-Zumarraga ikastolak futbol zelaia udalari uztea onartu du, bertan Aldiri Bi kiroldegia egin dezan. Udalak futbol zelaia estaliko du eta horretaz gain, Pagoeta igerilekura pasabide berria, kirola egiteko gelak eta aldagelak egingo ditu bertan. Proiektua otsailerako prest egongo da eta obra datorren urtean hasiko da.
Udalak 152.000 euroko kreditu aldaketa onartu zuen azkeneko osoko bilkuran, proiektua egiteko. Ez zen onartutako kreditu aldaketa bakarra izan, soberakinetik 816.000 euro hartzea onartu baitzen: 449.000 euro BMko aparkalekua berritzeko erabiliko dira, 100.000 Gernikako Arbola plazako harmaila berritzeko eta 115.000 Ederrena pilotalekuko teilatuan plaka fotovoltaikoak jartzeko, besteak beste.
Ederrena pilotalekuan jarriko diren plaka fotovoltaikoek udalaren zazpi eraikinetako energia kontsumoaren %74a aseko dute: udaletxea, kiroldegia, pilotalekua, kultur etxea, liburutegia, Gazte Bidean eta bake epaitegia.
Beste kreditu aldaketa bat ere onartu zen. Beste hori, transferentzia moduan. Bost aurrekontu-sailetatik dirua kenduko da (136.000 euro guztira), aurreikusi gabeko gastuak ordaintzeko: Euskadi Bono Denda kanpaina, kale garbiketarako makineria berria, alde zaharreko lokalen alokairua, Santa Barbara aterpetxean egin beharreko mantenu lanak, pabiloi baten alokairua (Mugitegin, kale garbiketa zerbitzuarentzat), kultur agendaren publizitatea ordaintzeko, Gabonetako argiak ordaintzeko, Grupo Santa Barbarako bihurgunea asfaltatzeko, Nekolalde 9, 11 eta 13ko espaloia berritzeko, festetarako aulkiak eta mahaiak erosteko, eskola kirola diruz laguntzeko eta Pagoeta gune soziokulturalaren garbiketa, argindarra eta berogailua ordaintzeko.
Horretaz gain, pasiotarren eraikuntzaren zaharberritzearekin lotutako bi gai onartu ziren. Aldundiarekin sinatutako hitzarmenean eta obraren kontratuan aldaketa bana egitea onartu zen. Pasiotarren komentuan Aspaceren eguneko zentro berria eta adinekoentzako apartamentu tutelatuak egingo dira. Aldundiak eta udalak hitzarmena sinatu zuten eta bertan aldundiaren diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztu zen. Zenbateko hori hazi egin da, obraren kostua handitu egin baita. Kostua 3,1 milioikoa izango da eta aldundiaren diru-laguntza 1,7 milioikoa izatetik 2,5 milioikoa izatera pasako da.
Horrekin lotuta, osoko bilkuran obraren kostu berria onartu zen. Obra hainbat arrazoi medio garestitu da: azpiegitura sarea lursailaren ezaugarrietara egokitu behar da, euste horma sendotu egin behar da eta fatxadak berritu egin behar dira bere egonkortasuna ziurtatzeko eta isolamendua bermatzeko. Igor Zubillaga zinegotziak obra hasi aurretik ezin zitekeela hori guztia aurreikusi esan zuen.