Migel Bilbao eta Alberto Busca lagunek sits ikusgarri bat ekarri dute GOIERRIKO HITZAren bulegora eta erreportajea egitea proposatu dute. Sits pirata du izena eta liburu eta pelikula askotan azaldu da.
Tokiko prentsaren ezaugarri nagusia kazetarien eta irakurleen arteko gertutasuna da. Erreportaje hau horren erakusle da: bizilagun batek sits berezi bat aurkitu zuen, lagun bati erakutsi zion eta GOIERRIKO HITZAren bulegora ekarri zuten. Migel Bilbao zumarragarrak sits handi bat aurkitu zuen Urretxuko etxe-orratzean eta bere lagun Alberto Buscari erakutsi zion. Mugikorreko aplikazio baten eskutik, bere izena sits pirata dela ikusi zuten (acherontia atropos). Toraxaren gaineko aldean buru hezurraren antzeko irudi bat duelako deitzen zaio pirata. Aurkikuntzak erreportajea merezi zuela pentsatu eta GOIERRIKO HITZAren bulegora ekarri zuten.
Sits pirata acherontia generoko sitsik ezagunena da. Emeek 10 zentimetro baino gehiagoko luzera har dezakete. Afrikan eta Europan bizi dira. Erle arrunten koloniak erasotzen dituzte elikadura lortzeko. Espeziaren izena heriotzarekin lotuta dago. Izan ere, greziar mitologian atropos bizitzaren haria mozteaz arduratzen dena da.
Sits piratak protagonismo handia izan du literaturan eta zinean. Edgar Allan Poe idazleak Esfingea (The Sphinx) ipuinaren amaieran aipatu zuen, adibidez.
Horra hor aipatutako ipuinean pertsonaia batek egiten duen sits pirataren deskribapena: «Lau mintz-hegal, ezkata txiki koloreztatuz estaliak, itxura metalikokoak; tronpa formako ahoa, kiribildua, zeinaren alboetan masailezurren eta palpo iletsuen arrastoak baitaude; beheko hegalak, ile zurrun batez gainekoei lotuak; atzapar luzanga formako antenak, prismatikoak; puntan abdomenak. Buru-hezur esfingeak izu handia eragin du herri xehean, garai batean, garrasi malenkoniatsu moduko batengatik eta korseletean daraman heriotza-intsigniagatik».
Stoker, Buñuel…
Bram Stoker-en Drakula nobelan ere aipatzen da intsektu hau. Eta hainbat pelikulatan azaldu da: Luis Buñuelen Un perro andaluz, Daniel Kalparsororen El aviso…
Azken pelikula horretan sits pirata behin eta berriz ageri da, protagonistaren eskizofrenia gertaerak irudikatzen baititu. Baina sits pirata The silence of the lambs pelikularen eskutik egin zen ezagun. Izan ere, 1992ko Oscar saria irabazi zuen pelikula horretako kartelean ageri da.
Sineskeria ugarik diote lepidoptero horrek zorte txarra eramaten duela etxeetara. Argi ibili, sits pirata aurkitzea ez baita horren harrigarria. «Ez da bitxikeria. Neguan ez dugu Euskal Herrian ikusiko, baina udan bai. Migratze ahalmen handia du. Galtzen denean, hirietan ikus dezakegu. Dena den, azken urteetan gutxiago ikusten den susmoa dugu», aipatu du Aranzadi zientzia elkarteko entomologo batek.