Urretxu-Zumarraga ikastolako 2. DBHko ikasleak bigarren eskuko azoka egin dute gaur arratsaldean Pagoetako gune soziokulturalean (eliza ohia).
Horrelako ekintza bat antolatzeko, lankidetza, parte hartze kolektiboa, elkartasuna eta betebeharrak euren gain hartzea zeinen garrantzitsuak diren konturatzea izan da helburua. Antolatzaileek LH, DBH eta Batxilergoko ikasleei beraien ekimenaren berri eman zieten eta erabiltzen ez zituzten objektuak ematea proposatu zieten, berrerabilpena sustatzeko. Ikasleek makina bat jolas, liburu, arropa, bitxi… eraman zituzten ikastolara, azokan saltzeko.
Urretxu eta Zumarragako herritarrei eskainitako azoka izan da. Ikasleek emandako objektuak erosteko aukeraz gain, beraiek egindako gozoak (bizkotxoa, madalenak…) dastatzeko aukera egon da. Gainera, txikienek aurpegia margotzeko aukera eduki dute.
Jende asko gerturatu da azokara. Antolatzaileek balorazio oso positiboa egin dute. “Azken ikasturteetan ez dugu halakorik egiteko aukerarik izan eta oso aberasgarria izan da. Lan handia izan da, baina merezi izan du. Balorazioa oso positiboa da, bai gaurko egunarena eta bai aurreko egunetan egindako lanarena”. Bildutako dirua ikasturte amaieran ikasle guztientzat festa bat antolatzeko erabiliko dute.