Urola Garaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Arloak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunaren inguruan. Horietako batzuk Urretxu eta Zumarragan izango dira.
Lehen ekitaldia joan zen astean izan zen. Ostiralean, ButaK 21 zineklubak El acontecimiento pelikula eman zuen Zumarragan.
Hurrengo ekitaldia asteazken honetan izango da. ButaK 21 zineklubak El acusado pelikula emango du, 20:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Pelikula honetako protagonistek Alexandre eta Mila dute izena. Asteburu batean elkar ezagutuko dute eta hurrengo egunean neskak bortxatu egin dutela salatuko du. Pelikulak gertaerek biengan duten eragina, bien izaera eta bien iritziak erakusten ditu. Gainera, baimenaren, egiaren eta sistema judizialaren inguruan hausnartzen da.
Ostiralean, 19:00etan, elkarretaratzea egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan. Urola Garaiko Koordinadora Feministak antolatu du eta Beldurra eta kontrolaren aurrean justizia feminista lemapean egingo da.