Pasiotarren eliza Urretxuko Udalaren eskuetara pasa da eta honek gune soziokulturala egokitu du bertan. Aurreko bi asteburuetan merkatariek eta ikastolak ekintzak egin dituzte bertan.
Pasiotarrek eta Urretxuko Udalak sinatu zuten hitzarmenean jasota dagoen moduan, Lurdesko Amaren eliza udalaren eskuetara pasa da. Eliza, desakralizatu ondoren, gune soziolkultural bilakatu da. Urretxuko Udalak herritarren esku jarri du eta dagoeneko erabilpena ematen ari zaio: Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasleek bertan egiten dute jolastordua eguraldi txarra egiten duenean, ZU Dantzaz taldeak bertan entseatzen du, Bi-Tartean merkatari elkarteak bertan egin zuen Ber4 kanpainaren amaiera ekitaldia eta ikastolako 2. DBHko ikasleek bigarren eskuko azoka egin zuten bertan joan zen ostiralean.
Erabiltzaileak, pozik
Erabiltzaileak gustura ageri dira Pagoeta auzoko gune soziokultural berriarekin. «Tokia oso ondo dago. Metro asko ditu. Oihartzuna sortzen da, baina udala arazo hori konpontzeko lan egiten ari da», aipatu du ZU Dantzaz taldeko Luis Mari Arrietak.
Berarentzat oso toki berezia da, bere familiaren baserria elizaren aurrean baitzegoen eta pasiotarrekin harreman estua izan baitzuten. «Pasiotarrek kulturaren alde lan egin zuten eta poztekoa da beraien eliza zen eraikina kultur ekitaldietarako erabiltzea».
Maialen Fidalgo zinegotziak herriko elkarteak eraikina elkarte guztien eskura dagoela gogoratu du. «Egokitzapena oraindik ez dago erabat bukatuta, soinu arazoak konpontzea falta baita. Baina eraikina dagoeneko erabilgarri dago. Gune soziokulturala erabili nahi duten herriko elkarteak udalarekin harremanetan jarri behar dira».
Gune soziokultural berriak aukera asko eskaintzen ditu. «Haurrek jolastordurako erabiltzen dute, ZU Dantzaz taldekoek dantza egiteko, Bi-Tartean merkatari elkarteak festa bat egin zuen bertan, ikastolako ikasleek azoka bat egin zuen… Aukera asko ematen ditu».