Gaur arratsaldean elkarretaratzea egin dute Areizaga-Kalebarren plazan, azaroaren 25a dela eta. Urola Garaiko Koordinadora Feministak antolatu du eta Beldurra eta kontrolaren aurrean justizia feminista lemapean egin da.
Antolatzaileek indarkeriak bere horretan jarraitzen duela eta “nazkatuta” daudela esan dute. “Indarkeria matxistak egiturazko sistema oso bat du atzean berau sostengatzeko eta justifikatzeko. Uda honetan gertatutako biolentzia estruktural horren beste adibide bat besterik ez da. Ziztaden harira emakumeonganako kontrol eta beldur mekanismoak era masiboan jarri dira martxan: kontrol poliziala, oihartzun mediatikoa, beldurraren erabilera eta diskurtso morbosoen kapitalizazioa, jarrera erreakzionarioak… Baita mugimendu feminista kriminalizatzeko bideak ere, Algortan eta Bilbon, adibidez”.
Horri guztiari aurre egiteko tresna autodefentsa feminista dela gehitu dute. “Bide horretan jarraituko dugu: antolatzen, espazio kolektiboak sortzen, olatu feministak eragiten. Ezin daitekeelako uka feminismoak duen gaitasun politizatzailea eta sistema iraultzeko indarra. Kaleak hartzeko prest gaude eta ez gaitu inork geldituko, ez gaituzue geldituko. Gora borroka feminista! Ekin autodefentsa feministari!”.