Jose Ramon Agirre urretxuarrari asko gustatzen zaio bizikletan ibiltzea eta mendiko bizikleta mota gehienak probatu ditu. Bere bizitzan izan dituen bizikleta ia guztiak garajean gordeta ditu.
Jose Ramon Agirre urretxuarrari asko gustatzen zaio bizikletan ibiltzea. Mendiko bizikletak Euskal Herrira iritsi bezain laister, horietako bat erosi zuen. Ordutik, mendiko bizikleta mota ia guztiak izan ditu. Guztiak bere garajean ditu.
Txiki-txikitatik bizikletan ibiltzea gustatzen zaio. «Etxean Abelux markako bizikleta txiki bat genuen, baina kubiertak gastatu egin ziren, ez genituen inon bere neurrikoak aurkitu eta ezin izan nuen erabili. Sekulako pena nuen». Etxe gehienetan egon den BH horietako batekin ikasi zuen bizikletan ibiltzen. «Anai guztiona zen».
15 urterekin, Erregetan, aitak bizikleta berria erosi zion. «Sekulako poza hartu nuen. Rabasa Derbi markakoa zen. Txirrindulariena bezalakoa zen, baina gurpil txikiagoak zituen, plater bakarra eta lau pinoi. Oso apala eta astuna zen. Modeloaren izena Solida zen. Horixe Solida… Anaietako batek Zeus bat zuen eta askoz ere arinagoa zen».
Urte batzuetan bizikletan ibiltzeari utzi zion eta mendiko bizikletak iritsi zirenean berriro zaletu zen. «1989an, anaion artean Peugeot markako bat erosi genuen, Ciclos Goierrin. Txandaka ibiltzen ginen. Niri larunbatetan ibiltzea tokatzen zitzaidan».
Handik bi urtera bere bizikleta erosi zuen. «Nuere Anlen markakoa da. Oso marka arraroa da, baina oso bizikleta ona da. Deore Shimano DX osagarriak ditu, egungo XTren parekoa. Lehiaketetarako erabiltzen zirenen itxura berekoa da».
10 urte bizikleta berarekin
Bi urte eman zituen Nuere Anlen markako bizikletarekin eta ondoren Klein markako bizikleta bat erosi nuen. «Sekulako bizikleta da. Hamar urte eman nituen bizikleta horrekin. Hamar urte denbora asko da mendiko bizikleta batentzat, baina oso gustura ibiltzen nintzen. Semeak jaio aurreko garaia zen eta arratsaldero joaten nintzen mendira. Sekulako irteerak egiten nituen. Garbitu eta berria bezala gelditzen zen, sekulako pintura du. Bizikleta horrekin Quebrantahuesos proba egin nuen», gogoratu du.
Baina hamar urte ez dira alperrik pasatzen, bere gorputza aldatu egin zen eta 2003an bizikleta berria erostea erabaki zuen: suspentsio bikoitza eta disko frenoak dituen Sunn markako bat. «Oso bizikleta jostagarria da, baina Klein markakoa igotzeko hobea zen. Sunn markakoarekin lasai igo behar zen eta ondoren jaitsierez gozatu».
Hurrengo bizikleta estilo berekoa erosi zuen, duela bederatzi urte. «Sunn markakoa zaharkitua gelditu zen eta Orbea Occam bat erosi nuen». Handik lau urtera, fat bike edo oso gurpil lodiak dituen bizikleta erosi zuen. «Orbearekin oso gustura nengoen, baina fat bikeak agertu ziren eta lehenengoa ikusi nuenean hauxe da nire bizikleta pentsatu nuen. Hala da: inoiz izan dudan bizikleta onena da».
Oso bizikleta lodi gutxi ikusten dira, baina berak oso argi du. «Edozein tokitatik ibiltzeko aukera ematen dizu. Gainontzeko bizikletekin kontu handiz pasa behar zara harria, lokatza eta sustraiak dauden tokietatik. Honekin, ordea, ziztu bizian pasa zaitezke».
Bi bizikleta lodi ditu. Batak suspentsio bikoitza du. «Bideoak ikusten ditut eta behin suspentsio bikoitza zuen fat bike bat ikusi nuen. Harrituta gelditu nintzen. Izan ere, fat bikek ez dute suspentsio sistemarik. Beraien suspentsioa gurpilak dira. Zertarako jarri suspentsioa fat bike bati? Baina bideoan jendeak suspentsiodun fat bikeak zertarako erabiltzen zituen ikusi nuen eta nik ere halako bat erostea erabaki nuen. Bideoan Salsa markako bat ikusi nuen eta hori erosi behar nuen, baina banatzailea Madrilen dago eta ez zuen horrelako bizikletarik. Trek markak ere horrelako bat duela ikusi nuen eta Oñatiko Lizarralde dendara jo nuen. Trek markak 50 bakarrik bidali zituen Europara eta horietako bat lortu nuen».
Fat bike, bizikleta lodia
Ez da damutu. «Oso bizikleta astuna da. 17 kiloko pisua du. Igotzeko oso txarra da, pisua, gurpilak eta suspentsioa direla eta. Baina jaitsieretan ematen dizuna sekulakoa da. Bizikleta horrekin enduro egiten hasi nintzen. Enduroan, gehienezko denbora bat duzu bizikletarekin toki batera joateko eta ondoren jaitsiera egiten duzu. Jaitsiera bakarrik kronometratzen da. Bi probetan parte hartu dut eta nahiko ondo moldatu naiz. 50 urtetik gorakoen artean, lehenengoan 3. egin nuen eta bigarrenean 5. Jendea harritu egiten da suspentsio bikoitzeko fat bike batekin ikusten didanean».
Suspentsio bikoitza duen fat bikearekin oso gustura dabil… baina horren ondoren beste bizikleta bat ere eskuratu du! Falta zitzaion bakarra. Modan dagoena. Elektrikoa, alegia». Scott elektriko hau anai zaharrenarena zen. Duela bost urte erosi zuen eta apur bat zaharkitua gelditu denez, berria erosi du. Orbea Rise bat erosi du. Bizikleta elektrikoen artean, arinena da. Motorrak ez du horrenbeste indar, bateria txikiagoa du eta gurpil handiagoak ditu. Anaiak bizikleta zaharra erabiltzeko aukera eman zidan eta nik fat bikearekin gustura nengoela esan nion, baina Urretxuko proba egiteko bidea markatzera joan beharra genuen, lana azkarrago egiteko anaiaren bizikleta elektrikoa hartzea erabaki nuen… eta biziatu egin naiz. Bizikleta elektrikoa bizioa da. Nekatu gabe ibiltzeko aukera ematen dizu eta hori adinean aurrera goazenontzat oso garrantzitsua da».
Bizikleta elektrikoa erosteko asmoa zuen, baina oraingoz anaiarenarekin geldituko da. «Ekoizpen eta banaketa arazoak direla eta, oso zaila da nahi duzun bizikleta lortzea, asko itxaron behar da eta gainera iristen denerako salneurria garestitu egin da. Baldintza horietan, ez nengoen 6.000 euroko ordaintzeko prest. Gainera, bizikleta elektrikoak berehala zaharkituta gelditzen dira».
Aipatutako mendiko bizikleta horiez guztiez gain, trialsineko bizikleta batzuk ere baditu: bere anaia gazteenarekin batera Joxe Mari Iurrebasoren dendan erosi zuena, bere anaiak handik gutxira erosi zuen beste bat eta bere seme zaharrenak lehiaketetan erabili zituenak. Horietako batekin, kadete mailako Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen. Paseoko bizikleta zaharrak ere baditu.
Errepidean ere ibiltzen da: emazteak Gata lurmuturrera joateko gogoa zuen eta bizikletan egin zuten joan-etorria. 3.140 kilometro egin zituzten, 50 egunetan. Horretarako beste bizikleta bat erosi zuen. «Bidaiatzeko oso egokia da: erosoa da eta, aldi berean, eraginkorra. Ortler markakoa da. Hemengo dendetan ez dago halako bizikletarik eta webgune batean erosi nuen… 400 euroren truke!».
Bizikleta horien guztien artean, bere kuttuna Klein markakoa da. «Gustukoena fat bikea da, baina Kleina oso berezia da. Duela 30 urte kableak barrutik zituen jada, potentzia eta manilarra pieza bakarra dira, aluminiozkoa da, arina… Munduko txapelketan bizikleta horrekin parte hartzen zuten. Zegoen onena zen. Egun, bizikleta elektrikoarekin, duela 25 urte Kleinarekin bezainbeste denbora behar dut Karakatera joateko».
Bizikletan ibiltzea arnastea, edatea eta jatea bezain garrantzitsua da ia Agirrerentzat. «Bizikleta lanera joateko, lagunekin mendira joateko, oporretara joateko… erabiltzen dut. Aisialdiari dagokionez, dena eman dit».