Urretxuko Udalak haurren parte hartzerako hirien eta herrien euskal sarearen aurkezpenean parte hartu zuen atzo, Donostiako Tabakalera eraikinean. Bertan, Piztu gazte mahaia egitasmoa aurkeztu zuen.
Atzoko ekitaldian Beatriz Artolazabal sailburuak eta Francesco Tonucci pedagogoak parte hartu zuten, besteak beste. Beraiekin batera, proiektu pilotuan parte hartu duten udalek egindako lana aurkeztu zuten. Urretxuk Piztu gazte mahaiaren berri eman zuen. Maialen Fidalgo zinegotziak Gazteria saila indartu nahi zutela eta, horretarako, euskal sarean parte hartzea eta gazte mahaia martxan jartzea erabaki zutela esan zuen. Mahai horretan 3. eta 4. DBHko ikasleek parte hartzen dute. Hilean behin elkartzen dira eta udala ordezkariekin beraien intereseko gaiak lantzen dituzte.
Mahaiak fruituak eman ditu dagoeneko: udalak udako programa gazteekin antolatu zuen eta Matxinportan egingo duten Pump Track parkearen diseinuan gazteek ere parte hartu dute.