Zumarragako EH Bilduk Kaminpeko zabortegiko isurketen eta ezegonkortasunaren aurrean alkateak ageri duen "utzikeria" salatu du
Zumarragako EH Bilduk Kaminpeko zabortegiko isurketen eta ezegonkortasunaren aurrean alkateak ageri duen “utzikeria” salatu du. Horra hor komunikabideetara igorri duen prentsa oharra.
“Urruti geratzen da 2022ko ekainaren 2a, non tirada nazionaleko komunikabide batek Kaminpeko itxitako zabortegian atzemandako irregulartasunak lehenengo orrian argitaratu zituen. Erreportaje horretan, komunikabideak zera jakinarazi zuen: Kaminpeko zabortegian milaka tona zepa isurtzen zirela; eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren debekua izanda gertatzen ari zen eta teknikariek onartutako segurtasun faktoreen azpitik dagoen zabortegi bat izanda ere. Informazio horien arabera, kontrolik gabeko isurketen ondorioz izandako egonkortasun arazoez gain, lixibatuen kontrolean, gas emisioan eta zarata kontroletan hutsegite larriak detektatu ziren. Horretaz gain, zabortegian arrakala batzuk zeudela jakinarazi zuten.
Zabortegia Kaminpe gainean kokatzen da, Goiko Txabolara iritsi baino pixka bat lehenago.Urretxu eta Zumarragako hainbat tokitatik ikus daiteke Arcelor Olaberriatik ekarritako milaka tona zepa bertan nola pilatu diren. Hondakindegia itxita eta zigilatuta dago, eta Arcelorrek dauka 30 urtez honen mantenuaren erantzukizuna.
Azken astean, herriko UZ Bizi! talde ekologistak bere haserrea adierazi du eta egoera honen aurrean Zumarragako Udalaren zein Eusko Jaurlaritzaren utzikeria salatu du. Ohar horretan zabortegiaren mantenu ez egokia, kontrolik gabeko milaka tonen isurketa eta egindako jarduera legez kontrakoa dela salatu dute.
Guzti honen aurrean, alkateak UZ BIzi!ren salaketak gezurtatu edo berretsi gabe jarraitzen du; hala nola ekainean tirada nazionaleko hedabidean argitaratutako informazioa ere, zeina lehen orriko albistea izan zen.
Argitaratu den informazioa dela eta, jarduera hauen inguruko informazioa eskatuz eta gobernu taldeak hartuko dituen neurriei buruz galdetzeko Zumarragako EH Bilduk zortzi idatzi erregistratu ditu. Horretan tematu arren, egindako galdera eta eskaerek erantzunik gabe jarraitzen dute.
Irailaren 29an, alkateak neurririk hartzen ez zuela ikusita, idazki bat erregistratu genuen jarduera berehala bertan behera uzteko eskatuz; oraindik ez dugu erantzunik jaso. Azaroaren 3an beste idazki bat erregistratu genuen, irailaren 29ko idazkiari erantzuteko eskatuz; oraingoan ere erantzunik jaso gabe jarraitzen dugu.
Ez dugu ulertzen sentsibilitate handiko gai honen aurrean alkateak eta bere udal gobernuak, duten erantzukizun eta arduratik, adierazten duten utzikeria. Hain larria den ingurumeneko, osasuneko eta segurtasuneko arazo baten aurrean alkateak azaltzen duen jarrerak izugarri kezkatzen gaitu: ez da ez informatzen eta ezta neurririk hartzen ari ere. Eusko Jaurlaritzaren ikuskapen eta eskakizunen arabera, ingurumen betebeharrak urratzen ari den jarduera baten aurrean gaude eta gure udalerrian kokatzen den eta itxita dagoen zabortegi baten egonkortasuna arriskuan dago.
Aipatutakoaz gain, azken hamar urteetan jarduera aurrera eraman den lursail honek ez du urbanizatzeko ekintza programarik. Hau da, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak industria erabilera edo jarduera orotarako eskatzen dituen hirigintza proiektua. Beraz, urbanizatzeko ekintza programarik gabe, ez da legezkoa inolako industria jarduerarik egitea, eta azken hamar urteetan hirigintzako legedia hausten aritu izan dira egonkortasun arazo larriak dituen zabortegi batean.
Hori dela eta, hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko berehala neurriak hartu ditzala eskatu diogu alkateari. Hala nola, hautsitako hirigintzako arauak direla eta disziplina neurriak ere har daitezela legearen aurkako lurzoruaren erabileren aurrean.
Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen 220. artikuluak dioenez, alkateak, edozein dela informazioa jasotzeko bidea, ezkutuko obrak edo erabilerak egiten ari direnaren jakitun izan orduko, berehala aginduko du obra horiek bertan behera uzteko. Tamalez, gaur egun erantzunik gabe jarraitzen dugu eta alkateak beste alde batera begiratzen jarraitzen du, nahiz eta ingurumenari dagozkion betebeharrak ez bete, zabortegia ezegonkorra izan eta udalaren hirigintzako arau hausteak izan”.