ButaK 21 zineklubak Javier Aguado, Mari Jose Lizarralde eta Trini Fernandez omenduko ditu datorren asteazkenean. Hiruek Aguadoren aitak hasitako lanarekin jarraitu dute. Aguadoren aitak mineral eta fosil bilduma zuen eta bilduma horren eskutik jaio zen Urrelur museoa eta Mineralogia eta Paleontologia Astea. Hiru omenduek urte asko daramatzate mundu horretan lanean.
Zineklubeko kideek zientzia herritarrei gerturatzeko egindako lana eskertu nahi diete. Ekitaldia datorren asteazkenean izango da, 20:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Aguado, Lizarralde eta Fernandez omentzeaz gain, Fire of love pelikula emango dute. Pelikula horretako protagonistak sumendien mundua ezagutzera emateko sekulako lana egin zuten Kraft senar-emazteak dira.