Lurra dantza taldea Rogelio Botanz abeslariari Tenerifen egingo dioten omenaldian parte hartzera gonbidatu dute. Omenaldia datorren asteburuan izango da.
Botanz legazpiarra da jaiotzez, baina Tenerifen bizi da aspalditik. Omenaldia Princesa Iraya folklore taldeak antolatu du, bere 40. urteurrenean. Botanzi Kanarietako folklorea gordetzeko, ezagutzera emateko eta ikertzeko egin duen lana eskartu nahi diote.
Botanzek (Legazpi, 1956) 1970eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea, Gabriel Arestiren eta Miguel Hernandezen poemak musikatzen. 1970eko hamarkada amaieran Tenerifera joan zen, irakaskuntzan lan egitera.
Hainbat elkartetan lan egin zuen eta 1985ean Kanarietako Kantagintza Berria diskoan parte hartu zuen, Andres Molina, Pedro Guerra, Lito eta Marisa Medinarekin. Ondoren, Taller Canario de Cancion taldean jo zuen. Taldea disolbatu zenean, bakarkako ibilbidea hasi zuen. Rocka, Kanarietako eta Euskal Herriko folklorea, Afrika iparraldeko musika, bluesa eta Kubako musika uztartzen ditu. Bere abesti gehienak gaztelaraz dira, baina euskaraz, guantxez eta amazigez ere abesten du.