Jatorrizko protokoloa 2012an sinatu zuten lau herrietako erakundeek, eta berrikuspena gaur arratsaldean aurkeztuko dute Urretxun jendaurrean.
Urola Garaiko indarkeria matxistaren aurreko arreta-protokoloa berrikusi dute, eta jendaurrean aurkeztuko dute dokumentu berria gaur, Urretxuko Pagoeta eliza zaharrean, 17:30ean egingo duten ekitaldi batean.
Urola Garaiko Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko protokoloa 2012an osatu zuten Urola Garaiko Mankomunitateak, elkargoa osatzen zuten lau udalek, Ertzaintzak eta Osakidetzak, eta erakunde guztien ordezkarien sinadurarekin sartu zen indarrean urte hartako abenduaren amaieran.
Ordutik, 2016an lehen ebaluazioa egin arte egon da martxan arreta protokolo hori, eta horren baitan osatu zen mahai teknikoa. 2021ean bigarren ebaluazio bat abiatu zuten inplikatutako erakundeek, protokoloa berriz ere martxan jartzeko helburuarekin. Aurrekoan bezala, oraingoan ere, lan horren lidergoa eta koordinazioa Urola Garaiko Berdintasun Arloak eraman zuen, Sortzen Aholkularitzaren laguntza teknikoarekin.
Azken berrikuspena
Azken ebaluazio prozesu honetan ere protokoloa sinatu zuten erakundeetako ordezkariek parte hartu dute, baita indarkeria matxista jasaten duten emakumeekin lan egiten duten pertsonek ere. Besteak beste, udaletako gizarte zerbitzuek eta udaltzaingoek, Ertzaintzak, Zumarragako Ospitaleak, Osasun Mentaleko Zentroak, herrietako osasun zentroek eta eskualdeko Berdintasun Arloak parte hartu dute. Indarkeria matxista jasandako emakume batzuk ere izan dira partaideen artean, baita Hezkuntza Ikuskaritzako ordezkariak ere, hezkuntza komunitatea ordezkatuz.
Hamar hilabeteko lanaren ondoren, prest dago protokoloaren berrikuspena, eta gaur arratsaldean aurkeztuko dituzte horren ildo nagusiak herritarren aurrean.