Udalak aurkezpena antolatu du, erabiltzaileek zalantzak argitzeko eta proposamenak egiteko aukera eduki dezaten
Urretxuko bizikletentzako zirkuituko obra berehala hasiko da. Pump track kirola egiteko parkearen lanak urriaren 26an esleitu ziren. Aurrekontua 137.000 eurokoa da. Enpresak proiektua aurkeztu du dagoeneko eta obra hasi aurretik falta den pauso bakarra proiektua erabiltzaileei erakustea da. Bilera eguna eta ordua Piztu Gazte mahaiko kideekin adostu dute. Bilera asteazken honetan izango da, 18:30ean, udaletxeko portaloian. Bertan, erabiltzaileei parkearen berri emango diete eta erabiltzaileek galderak egiteko eta proposamenak aurkezteko aukera edukiko dute.
Pump track parkeak bi pista edukiko ditu: bata 3 eta 12 urte arteko haurrentzat izango da eta bestea zaharragoentzat. Gainera, etorkizunean zailtasun handiagoko hirugarren pista bat egiteko aukera egongo da.
Pump track parkea Matxinportan egin behar da. Obrak 16 aste iraungo du, gutxi gorabehera.