Anbulatorioa egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzearen aldeko plataformak bilera eta manifestazioa deitu ditu
Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzearen aldeko plataformak bilera eta manifestazioa deitu ditu.
Bilera bihar (osteguna) izango da, 19:00etan, Zelai Arizti kultur etxean. Herritar guztiei bertaratzeko gonbitea luzatu diete. Manifestazioa, berriz, abenduaren 17an izango da. 12:00etan abiatuko da.
Horra hor plataformak igorri duen idatzia: “Bi urte baino gehiago daramatzagu osasun zentroko larrialdiak berriro irekitzeko aldarrikatzen. Zerbitzu hori, beste asko bezala, eten egin zen covid-19aren pandemiarekin, eta herritarren lanari esker lortu zen asteburuetan eta jai egunetan egunean zehar larrialdi zerbitzua izatea. Asteko gainerako egunetan Beasaingo osasun zentrora joan behar izaten dugu, edo, kasu larrienetarako zerbitzua oztopatuz, ospitalera.
Asko dira Plataformak gauzatu dituen ekimenak, ia 8000 sinadura bildu direla azpimarratuz.
Gure iritziz, osasun zentroko larrialdi zerbitzua ixtea galera handia da gure eskualdeko pertsona guztien osasunerako, eta, ondorioz, berreskuratu egin behar dugu. Ezin dugu onartu osasun arloko zerbitzu publikoak ahultzea.
Plataformak lanean jarraitzen du eskualdeko osasun publikoaren defentsan. Horregatik, eta beste ekimen batzuen artean, eskualde mailako manifestazioa deitu dugu abenduaren 17rako, 12:00etan.
Manifestazio hori jendetsua izateko ilusioz, harremanetan jartzen ari gara eskualdeko gizarte eragile guztiekin, guztion onerako lan egiten duten talde eta elkarte guztiekin. Abenduaren 1ean, 19:00etan Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, bilera egingo dugu”.