Bi-Tartean merkatari elkarteak Herrian Erostearen Magia kanpaina antolatu du Gabonetarako. Bonuak, ekintzak, zozketak… egongo dira.
Bihartik aurrera bontuak salduko dituzte Bi-Tarteanen bulegoan (Urretxuko Labeaga 56en). 40 euroko bonuarekin 50 euroko erosketa egin ahal izango da. Bonu kanpaina abenduaren 31n amaituko da.
Bestalde, abenduaren 16an eta 17an Asteburu Magikoa ospatuko da. Bi egun horietan ekintza asko egingo dira. Abenduaren 16an Olentzero eta Mari Domingi erraldoiak jarriko dira Areizaga-Kalebarrenen. Lehenengoz, Olentzero Mari Domingirekin egongo da. Mikel Ibarzabal artista da Mari Domingiren panpin erraldoia egiten ari dena. Abenduaren 16an, 17:30etik 19:30era, haurrek Olentzero eta Mari Domingirekin argazkiak ateratzeko aukera edukiko dute.
Egun bererako beste lau ekitaldi antolatu dira: 18:30etik 20:30era Zirkun Zirkok kalejira egingo du, 18:00etatik 20:00etara Asier Kidamek magia ikuskizuna egingo du bi herrietako toki ezberdinetan, 18:00etatik 21:00etara txu-txu trenean ibiltzeko aukera egongo da eta 19:00etatik 21:00etara Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak geltokiko pintxo-potea girotuko du.
Abenduaren 17rako beste bi ekitaldi antolatu dira. 11:00etatik 14:00etara haurrentzako jolasak egongo dira Areizaga-Kalebarrenen eta 14:00etan 100 euroko bost erosketa bale zozkatuko dira toki berean. Zozketa honetan Olentzeroren eta Mari Domingiren zakuan 10 euroko erosketa tiketak sartzen dituztenek parte hartuko dute.
Ekintza hauetan guztietan parte hartzen dutenei txokolate beroa, gaztainak eta Hugo eta Eusebioren atrakzioetan jolasteko txartelak emango dizkiete.
Kanpaina gaur eguerdian aurkeztu dute Areizaga-Kalebarrenen. Jon Luqui Urretxuko alkateak bi udalen eta merkatari elkartearen arteko harreman estua azpimarratu du. “Gure babes osoa dute. Bertan kontsumitzea bultzatzeko eta gure bi herriotako kaleak janzteko lan handia egiten ari dira. Herrian erostera eta ekitaldietan parte hartzera animatzen zaituztet”.
Rosa Maiza Zumarragako zinegotziak ere elkarlanaren garrantzia azpimarratu du. “Elkarlana oso garrantzitsua da. Herria egitea oso garrantzitsua da eta horretan merkataritzak garrantzi handia du. Bi udalok geroz eta estuago lan egiten ari gara merkatari elkartearekin. Elkartea apustu handia egiten ari da eta gure betebeharra babestea da. Gabonetakoak egun bereziak dira eta egun hauetako magia merkatariek jartzen dute. Elkarteari eskerrak eman nahi dizkiot eta herritarrak herrian erostera animatu nahi ditut. Herriko dendetan deskontuak, kalitatezko produktuak eta maitasuna aurkituko dituzte”.